Lehenengo egunetik agintzen hasi da Marianne Vos munduko txapelduna

Anboto 2013ko eka. 7a, 10:35

Emakumeen Birako lehenengo etapa esprintean irabazi zuen Rabobank taldeko txirrindulariak

Emakumeen Birako lehenengo etapa esprintean irabazi zuen Rabobank taldeko txirrindulariak.

 

 

Emakumeen Bira irabazteko asmo sendoarekin etorri dela erakutsi zuen atzo Marianne Vos herbeherearrak. Iurretan hasi eta amaitu zen etapa erraz irabazi zuen esprintean Adrie Visser eta Rossella Rattoren aurretik. Ondorioz, bera da Birako lehenengo liderra.

 

Mugimendu askorik gabeko etapa izan zen. Ihesaldi gutxi eta denak tropelean. Gertaera aipagarri bakarra Arritugane mendatea igotzen hasi aurretik jazotako erorikoa izan zen. Hamar bat txirrindulari erori eta bat, larri ez, baina ospitalera eraman zuten. Helmugan Dorleta Eskamendi (Bizkaia-Durango) izan zen lehenengo euskalduna, irabazlearen denbora berean. Jon Elorriaga Bizkaia-Durangoko zuzendariaren berbetan txirrindulari bat (Anna Sanchis, Ane Santesteban edo Joanne Hogan) sailkapen nagusiko hamar onenen artean sartzea dute helburu, baita euskaldun onenaren sailkapena irabaztea ere.

 

Gaur Gatzaga igoko dute

Atzoko lasterketa esprinterrentzako aproposa izan bazen, gaurtik aurrera sailkapenerako borrokan dabiltzan txirrindularien txanda izango da. Aretxabaletan hasi eta amaituko den etapan lehenengo mailako Gatzaga mendatea igo beharko dute.

 

Gatzaga gainetik helmugara 15 kilometro bakarrik geratuko dira. Bihar erlojupekoan lehiatuko dira. Urduña inguruan prestatutako 13 kilometroko ibilbidea gorabeheratsua eta nahiko teknikoa da. Ez da erlojupeko luzea, baina faboritoen artean aldeak markatu ditzake.

 

Domekako azken etapa (Fruiz-Gatika) denetan gogorrena da. Hirugarren mailako mendate bat (Meakaur) eta bigarren mailako bi (Errigoiti eta Arrieta) igoko dituzte. Errigoiti igo, lau kilometro jaitsi eta segituan hasiko dira Arrieta igotzen. Handik helmugara 22 kilometro faltako dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!