Iurretako plazak doako kultur emanaldiz beteko ditu Kalez Kale jaialdiak

Anboto 2013ko eka. 6a, 12:06

Ekainaren 14, 15 eta 16an, Amilburu, San Migel eta Dantzari plazetan izango dira jaialdiko hitzorduak

Ekainaren 14, 15 eta 16an, Amilburu, San Migel eta Dantzari plazetan izango dira jaialdiko hitzorduak.

 

Iñaki Totorikaguena herriko alkateak eta Deabru Beltzak eta Hortzmuga antzerki taldeetako ordezkariek aurkeztu dute Kalez Kale jaialdia. Jaialdia antolatzen duten zazpigarren urtea da, eta ekainaren 14, 15 eta 16rako kaleko sei emanaldi dakartza.

 

Arabako Bapatean Zirko taldeak zabalduko du ekainaren 14an, 17:30ean, jaialdia: Tenderete obragaz. Absurdoa du oinarri, eta zirku eta clown teknikak eta musika baliatuta sorturiko ikuskizun komikoa da. Ekainaren 14an, baita, 20:30ean, krisi ekonomikoaren gaineko Trapu Zaharra konpainiaren gogoeta ezagutzeko aukera izango da Iurretan: Anselmok eta Ricardok krisia zelako ikuspuntu desberdinetatik bizi duten kontatuko dute Ametsetan bizi obran. Amilburu plazan izango dira ekainaren 14ko emanaldi bi horiek.

 

“Krisi garaiotan, hau bezalako antzerki jaialdiak mantetzeko Iurretak egiten duena bezalako apustua eta esfortzua babestera”, eta ekainaren 15ean eskainiko duten antzezlana aurkeztera etorri ziren atzo, Iurretako kultur etxeko aurkezpenera, Hortzmuga taldeko Raul Cancelo eta Arantza Goikoetxea. Duela hiru urte estreinatu zuten Libertia eskainiko dute: publiko familiarrarentzako sorturiko askatasunari buruzko antzezlana.

 

Marsel magoak itxiko du domekan jaialdia. Aurretik, baina, dantza ere izango da Iurretako Kalez Kalen, lehenengoz.

 

 


Dantza ere eskainiko du egitarauak

 

Break dance eta dantza garaikidea ere, gozagai

 

 Iurretako kale antzerki jaialdia programatzeko aholkulari bezala jarduten duen Deabru Beltzak taldeko Gargitxuk nabarmendu du aurkezpenean dantza ikuskizun bi ere izango direla Iurretan, aurten, lehenengoz. Ekainaren 15ean, Amilburu plazan izango dira dantza emanaldi biak. Drumbreak perkusio eta break dance ikuskizuna eskainiko du, 20:30ean, Deabru Beltzak taldeak, eta jarraian, 21:00etan, Organik taldeak izen bereko ikuskizuna eskainiko du. Ahari topekan inspiraturiko dantza garaikideko lana da talde horrena.

 

Frontoira lekualdatuko dituzte emanaldiak, eguraldiak laguntzen ez badu. Kalean edo frontoian, Iurretako zein Durangaldeko ehundaka kulturzale batuko ditu jaialdiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!