Marianne Vos hirugarren txapelaren bila etorriko da

Anboto 2013ko mai. 23a, 11:33

Munduko onenak asteon konfirmatu du Emakumeen Birara etorriko dela

Munduko onenak asteon konfirmatu du Emakumeen Birara etorriko dela.

 

Aurten mendi bizikletan zentratuta dabilen arren, UCIren rankingeko buruan dagoen Marianne Vos herbeherearrak ekainaren 6tik 9ra Emakumeen Biran parte hartuko duela konfirmatu du. Munduko eta Joko Olinpiarretako txapeldunak hirugarren bider irabazi gura du Bira eta bera izango da faborito nagusia, doan tokira doala hala delako. Lortuko balu, Joane Somarriba eta Hanka Kupfernagelen markak berdinduko lituzke.

 

Maillot horia garesti salduko diote arerioek. UCI-ren ranking-eko hamar onenetatik bederatzi etorriko dira: Emma Johansson eta Evelyn Stevens, besteak beste. Iazko irabazle Judith Arndt ez da etorriko, txirrindularitza utzi duelako. Durangaldeko taldeei dagokienez, Bizkaia-Durangok talde indartsua dakar, Anna Sanchis, Joane Hogan, Ane Santesteban eta Dorleta Eskamendigaz. 19 urteko Lourdes Oiarbidek lehenengoz parte hartuko du Biran.

 

Ibilbideari dagokionez, Iurretan hasi eta amaituko den lehenengo etapa aproposa da esprinterrentzako. Bigarren etapan (Aretxabaleta-Aretxabaleta) hasiko da taldeburuen dantza, batez ere, Leintz-Gatzagoko malda gogorretan; mendate gainetik helmugara 15 kilometro bakarrik faltako dira. Hirugarren etapa erlojuz kontrakoa da, bide estuagaz eta hainbat aldatsekin. Azkenengo etapa Ramon Gonzalez Arrieta txirrindulari ohiak diseinatu du. Hiru mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek Gatikara heldu aurretik.

 

Biraren aurkezpenean, Iurretako Emakumeen Bira Ziklismo Kirol Elkarteak udalen eta babesleen sostengua eskertu zuten, Bira posible egiten dutelako.

 

ETAPAK

  • Lehen etapa:
    • Iurreta-Iurreta Luzera: 91,3 kilometro
  • Bigarren etapa:
    • Aretxabaleta-Aretxabaleta Luzera: 103,5 km
    • Mendateak: Udana (3. maila) eta Leintz Gatzaga (1. maila)
  • Hirugarren etapa:
    • Urduña-Urduña Luzera: 13,4 km erlojuz kontra
  • Laugarren etapa:
    • Fruiz-Gatika Mendatea: Meakaur (3. maila), Errogoiti (2. maila) eta Arrieta (2.maila)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!