"Menditik bajatu eta han goian egon zarela jakiteak engantxatu egiten du"

Anboto 2013ko mai. 25a, 08:13

Hurretik jarraitu du Arkaitz Arrizabalagak Alex Txikonen azken espedizioa. Asteon Lhotseko tontorrera heldu da mendizale lemoarra. Nuptse eta Lhotse mendietara abiatu zenean, deialdi berezia egin zuen, gura zuenak lehen pausoak taldeagaz egin eta Everesteko lehenengo kanpalekura joateko. Arrizabalagak birritan pentsatu barik eman zuen izena abenturan

Hurretik jarraitu du Arkaitz Arrizabalagak Alex Txikonen azken espedizioa. Asteon Lhotseko tontorrera heldu da mendizale lemoarra. Nuptse eta Lhotse mendietara abiatu zenean, deialdi berezia egin zuen, gura zuenak lehen pausoak taldeagaz egin eta Everesteko lehenengo kanpalekura joateko. Arrizabalagak birritan pentsatu barik eman zuen izena abenturan.

 

Everesteko kanpalekura joateko aukera izen zenuen halako batean, eta animatu!

Mezu bat bidali zidaten aukera hori zegoela esanez, eta irakurri eta segituan hasi nintzen materiala lortzen, gauzak pentsatzen... Facebooken zozketa batean sartzeko aukera ematen zuten, baina beno, azkenean ezagun asko animatu ginen, eta Alexek ez daki ezetz esaten. Hamahiru joan gara azkenean.

 

Lehenagotik ere eduki duzu hartuemana Alex Txikonegaz...

Bere arreba nire izeko da. Aspalditik ezagutzen dut. Txikitan ere futbolean elkarren kontra jokatzen genuen.

 

Zu segituan animatu zinen?

Bidaia egiteko baimen berezi bat eskatu behar izan nuen, hilabeteko eszedentzia. Hori pentsatu behar izan nuen, baina bestela ez nuen asko pentsatu. Beti eduki dut gogoan halako saiakera bat egitea; altuera handietan zelan ibiliko nintzen jakin gura nuen.

 

Gustura ibili zara?

Hasiera batean altuerak beldurra ematen zidan, baina gero, han bertan, paisajeak eta tontorrak ikusita... kristoren ondo. Fisikoki nahiko ondo nengoen, baina altuerak ematen zidan beldurra, eta eduki nuen altueretako gaitza. baina beno, ibuprufenoa hartuta, hamar minutuan hobetu nintzen.

 

Zelakoa izaten zen egunerokotasuna?

Etaparen arabera zen. Eguneko ez dakit zenbat kilometro izaten ziren. Gutxi gorabehera 500-1.000 metro igotzen genituen goizetan, eta bazkalostean, gorputza ohitzen joateko, tontor bat igo eta bajatzen genuen.

 

Zelako giroa izan duzue?

Itzela. Hamahiru izan gara, eta bi gida, portalariak hiru-lau, Alex, Juanra eta Tamayo. Denon artean taldea egin dugu, eta oso ondo moldatu gara. Bertako jendea, gainera, itzela da; dena zen laguntasuna.

 

Paisajeak txundigarriak dira...

Zoragarriak, zelako tontorrak... Politena niretzat, Ama Dablam da. Ikusgarria, Everest baino politagoa. Everestek pilo bat tontor ditu aldamenean: Lhotse, Makalu... Ama Dablam bakarra da, eta tontorra dena izotzezkoa dauka. Itzela.

 

Zelakoa da kanpalekua?

Gau bat egin genuen bertan, eta ederto. Hotza, hori bai: denda barruan zero azpitik 10 gradu. Oso polita da kanpalekua, oso oso handia; hiri txiki bat. Labeak zeuden, eta eguneko ogia jaten genuen! Taberna ere bazegoen. Garesti zeuden gauzak, hara gora ere igo egin behar direlako!

 

Hango kultura ezagutzeko aukera eduki duzue?

Alex itzelezko gida ona da horretarako. Han hiletetan jendea erretzeko ohitura dute, eta ikustera eroan gintuen, Tximinoen tenplura ere bai... Gero, herri batzuk bisitatu genituen gure kontutik, baina asti handirik ez genuen izan.

 

Anekdotetarako tarterik edukiko zenuten.

Bai. Gurekin Ramon Morillas etorri zen. Paramotorreko errekor asko dauzka [motordun parapentea da paramotorra], eta altuerako errekorrak egiteko etorri zen. Alexek ere gura zuen salto egin, eta egin zuten biek elkarrekin, baina ez zeukaten baimenik. Hurrengo egunean, Morillas atxilotu ez, baina parketik bota zuten. Saltoa egin zuen, baina gero etxera joan behar!

 

Antzeko abentura bat errepikatzeko gogoz?

Bai, baina horretarako denbora sobera eta diru asko behar dira. Argentinara joatea pentsatuta daukat, Aconcaguara. Engantxatu egiten du: jakitea bajatzerakoan hor goian egon naizela... Eta geroago eta gehiago. Orain 5.000 metrora igo badut, bihar 6.000ra, etzi agian 8.000ra...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!