Iurretako Hiri Frogak formatua aldatuko du datorren urtetik aurrera. Izaera herrikoiagoa izango du, ibilbidea Durangaldera zabaltzen saiatuko dira eta gazte mailak indartuko dituzte. Inoiz 40.000 euroko aurrekontua izan duen probaren aurtengo zenbatekoa 15.000 eurokoa da eta “proba biziberritzeko alternatibak bilatu beharrean daudela” onartu du Aitor Casal Bidezabaleko presidenteak gaur proba aurkezteko Ibarretxe kultur etxean eskaini duten prentsaurrekoan.
Bitartean, aurten ohiko formatuari eutsiko diote. Domekan, 10:00etan, mailaz maila Iurretan zehar osatutako zirkuituan lehiatuko dira 200 bat korrikalari. Horietatik 100 bat gazte mailetakoak dira, 10:00etatik aurrera mailaz maila irtengo direnak. Nagusiak 12:00 inguruan abiatuko dira. Eliteko korrikalarien maila ohi baino xumeagoa izango da aurrekontuak horretara behartuta. Hala ere, maila handiko atletak etorriko dira. Gizonetan Ayad Lamdassem (Europako Kros Txapelketako azpitxapeldun birritan izandakoa), Ivan Fernandez (iazko irabazlea), Dani Mateo (promesen kroseko Espainiako txapelduna izana) eta Bidezabaleko David Garcia Azofra nabarmendu daitezke; emakumeetan Bidezabaleko Belit Solar eta Iraia Garcia, eta, Iris eta Zulema Fuentes Pila ahiztak.
Zaldibarretik hasita
2014tik aurrera hainbat alternatiba hausnartzen dabiltza. Ibilbideari dagokionez, baliteke lasterketa Zaldibarren hasi eta Iurretan amaitzea. Eliteko atletak baliabideen arabera ekarrita, batez ere izaera herrikoia emango liokete probari “indar handia hartzen dabiltzalako”. Proba nagusia amaitzean, gazteen mailetakoak hasiko lituzkete Iurretan. Hori dena federazioaren eskakizun denak beteta egin gura dute probaren prestigioari eusteko. Izan ere, Espainiako rankingean estatuko laugarren probarik garrantzitsuena legez izendatuko dago gaur egun Iurretakoa.
Aitor Casalek proba antolatzen lagundu duten erakunde eta komertzio denei eskerrak eman zizkien, batez ere Iurretako Udalari urtero eskaintzen dien laguntzagatik. Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak probaren garrantzia azpimarratu zuen eta proba antolatzen aritu direnei zein diruz lagundu duten komertzio eta erakundeei eskerrak eman zizkien.