"Sentitzen dut oraindik bilaketa eta formazio prozesu betean nagoela"

Anboto 2013ko mai. 19a, 08:41

\'Body & Landscape\' erakusketa ipini du Iñigo Garatu artistak (1990, Iurreta) Durangoko Museoan

\'Body & Landscape\' erakusketa ipini du Iñigo Garatu artistak (1990, Iurreta) Durangoko Museoan.

 

Argazkiak, eskultura, instalazio bat eta bideo sorkuntzak bildu dituzu erakusketa honetan.

Honetan hasi nintzenetik, beti eduki dut buruan ikusentzunezkoen arloan jardutea. Baina, Arte Ederretako Artea eta Teknologia adarreko ikasketak egiten dihardudan arren, eskultura eta instalazioa ere lantzen ditut.

 

Oso obra anitza da erakusketakoa. Zerk batzen ditu lanak?

Gorputzari eta paisajeari buruzkoak dira. Beti gustatu izan zait paisaia, eta interesatu zait, esaterako, zelan eragiten duen gizakiaren eraikuntzak naturan.

 

Sormen prozesuan zaudela ohartzen zara lan guztiak batzen dituen gaia zein den?

Bai, horrela izaten da. All/Nothing izeneko bideo lana da erakusketan daudenetatik gaia argien erakusten duena.

 

Zelan egiten duzu lan? Erabiliko duzun tresna aukeratzen duzu lehenengo, ala obrak berak zaramatza tresna aukeratzera?

Ideia bakoitza zer bitartekorekin adierazi dezakedan hoberen pentsatzen dut, lehenengo. Baina, oraindik bilaketa eta formazio prozesu betean nagoela sentitzen dut; erabaki horiek ez ditut oraindino erraz hartzen. Bilaketa horretan disfrutatu ala sufritu egiten duzu? Disfrutatu egiten dut, bai. Gehien, bideo lanak sortzen.

 

Erakusketak hala dirudi, ala benetan sortzen duzu asko?

Asko sortzen dut, bai. Baina orain oso lanpetuta nabilenez, ez daukat egunero sorkuntza artistikoan jarduteko aukerarik. Datorren urtean, ikasketak amaituta, denbora hartu gura dut modu independientean zelan produzitzen dudan ikusteko, eta nire sorkuntza zein arlotatik bideratuko dudan erabakitzen joateko, nire espezializazioa aukeratzeko. Buruan darabilt, baita, datorren ikasturtean Salamancako Domus Artium 2002 aretoan nire lana erakustea.

 

Salamanca eta Durangaldea lotzen dituzu argazki lan batean.

Bai; hamar urtera arte Salamancako La Albercan bizi izan nintzen, eta horrek ere izango zuen eraginik nire lanean. Gero etorri ginen Iurretara bizi izatera. Leku bietako paisajea da menditarra, eta beti izan dut gogoko.

 

Gradu amaierako proiektua aurkeztuko duzu irailean. Nondik bideratuko duzu?

Diziplinari dagokionez, eskultura eta bideoa uztartu gura ditut: eskultura bati buruzko bideo proiekzio bat egitea. Eskultura hasi da forma hartzen: bideoa proiektatzeko kutxa-telebista moduko bat egin gura dut. Bideoa bera garatzea falta zait, baina badaukat lokalizazioari buruzko ideiaren bat, esaterako.

 


‘Reflejos 3.0’: orain arte egindako lanik osoena

 

Argazkingitza, eskultura eta instalazioa uztartzen ditu Iñigo Garatuk Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai ipini duen erakusketako lanetako batean. Bideolanak sortzeko edo performance-ak egiteko erabiltzen dituen materialak bilduta osatu du, bestalde, Ikusi barik izeneko instalazioa.

 

 \"\"

Esklabotzari buruzko gogoetak daude, ekainera arte, Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai izango den Body & Landscape erakusketan. Reflejos 3.0 bideo sorkuntzan, lanari, sakrifizioari, esfortzuari buruz dihardu Garatuk. Dioenez, hori da, bere ustez, orain arte egin duen lanik osoena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!