Kristina Mardaras: "Koplaka, puntuka... Bertsotan egunero egiten dugu Justok eta biok"

Anboto 2013ko api. 28a, 22:25

Duela 30 urte San Markoko jaietan lehenengoz bertsotan egin zuela-eta, omenaldia egingo diote gaur. Plazan bertsotan ibili zen lehen emakumea bertsozale peto-petoa da, bertsolaritzaz orduak berbetan egoteko modukoa. Lehen aldiz bertsotan Oromiñon egin zuen, bere auzoan. Ordutik hona, 30 urte...

Duela 30 urte San Markoko jaietan lehenengoz bertsotan egin zuela-eta, omenaldia egingo diote gaur. Plazan bertsotan ibili zen lehen emakumea bertsozale peto-petoa da, bertsolaritzaz orduak berbetan egoteko modukoa. Lehen aldiz bertsotan Oromiñon egin zuen, bere auzoan. Ordutik hona, 30 urte...

 

Omenaldia egingo dizutela-eta, pozik?

Ilusio handiz nago, bai. Ez nuen itxaroten, efemeridea ez da egon nire buruan-eta!

 

Zelan gogoratzen duzu San Marko jaietako egun hura?

Pozik, baina oso urduri egon ginen. Oso denbora gutxian bertso eskolan ibilita, eta teknikak guztiz menperatu barik... Garaiko Joseba Zabala, Angel Usaola, ‘Kapela’, Justo nire gizona eta neu. Gai jartzaile, Pedro Jose Zubizarreta. Jendeak oso pozik hartu gintuen. Oromiño beti izan da jai kontuetan berezia. Auzoko jendeak parte hartzeko jaiak dira, jai txikitxoa, baina gozoa.

 

Zuek orduantxe zeudeten bertso eskolan hasita...

Bai, hiru urtean-edo ibilita. Gure sasoiko jendea konprometituta egon ginen gau eskoletan eskolak ematen, ikastolen mugimenduan sartuta, Gerediagan... Bertsotarako denbora gutxi. Taldea sortu genuen zaletasuna geneukalako, eta eten bat zegoelako. Bertso saio gutxi antolatzen ziren, eta entzutera jende oso zaharra joaten zen; bertsolari gazteak, gutxi. Plazak berreskuratzea zen helburua.

 

Emakume bat plazan egotea ez zen batere ohikoa orduan.

Emakume izateak aukerak eman dizkit plaza gehiagotan kantatzeko. Nire sasoiko bertsolariak ni besteko onak ziren, gizonezkoak ziren, eta denek ez zuten aukera berdina eduki. Ondora ailegatu zirenean emakume bertsolari onak, nik nire burua erretiratu nuen plazatik. Nire helburua bete nuen; bidea hastea.

 

Euskal Herriko txapelduna emakumea da. Zuk zeuk Miren Amurizari Durangaldeko txapela jantzi zenion...

Izugarrizko emozioa izan zen niretzat. Garrantzitsuena bertsotan mantentzea da. Kezka hori izan dut; emakumea bertsolaritzan normal egongo da, norbaitek, familia izanda, bertsotan jarraitzen duenean. Orain hor daude Oihane Perea, Uxue Alberdi, Erika Lagoma... Ama dira eta jarraitu egiten dute. Horrek ilusio itzela egiten dit. Esan gura du, bertso mundua bere espazioa dela sentitu duela emakumeak.

 

Bertso eskolako irakasle ere izan zara.

Orain bi dabiltza bertsotan, Gorka Lazkano eta Abarkas. Beste entrenadore batzuk ere topatu dituzte, eta ikusten da maila altuagoa hartu dutela. Oso pozik nago. Iurretako bertso eskolaren inguruko beste hainbatekin txapelketa ere egin izan dugu. Informalagoa da, baina kapaz gara elkartu eta arratsalde eder bat pasa eragiteko!

 

Epaile lanetan ere ibili zara. Zelako entzulea zara?

Ideia berriak sortzeko ahaleginekin disfrutatzen dut. Saio askotara joaten naiz, eta ikusten dut batzuetan ahalegin hori egunaren arabera ere badela. Unaiegaz eta Igorregaz txapelketa nagusian gertatu zitzaidan: uste nuen ezin zutela inoiz ere txarto egin, eta ez da horrela; euren inguruan daukaten momentuak, edo dituzten ardurak, itzelezko eragina daukate. Igor finaletik kanpo geratu zen, eta Unai ia-ia. Konturatu nintzen humanoak direla, eta asko poztu nintzen; egiten duten esfortzua ikustea ederragoa da.

 

Justo Alberdi senarragaz askotan egingo duzu bertsotan. Zelako bertsolaguna da?

Ni baino bertsolari hobea da. Hizkuntza jokoak asko erabiltzen ditu. Ni bertsolari bizia izan naiz beti, zirikatzaileagoa. Berak ironia dotoreagoa erabiltzen daki. Biok biotara askotan egin dugu, eta elkarren ezagutza aprobetxatu dugu direnak eta ez direnak botatzeko.

 

Haserretu bai?

Jendeak pentsatu bai, haserretuta gaudela! Eta nerbioso ipini: “Horrek gauzok etxien esan bidie!”. Bertsolariek esaten duten dena ez da sinistu behar.

 

Noiz bota duzu azken bertsoa?

Omenaldiren bat bada-edo, idatziz eroaten ditut, eta bat-batean, egunero egiten dugu Justok eta biok. Zer edo zer elkarri esateko koplaka, puntuka... Horrelakoak, egunero!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!