Bihar, 9 eta 12 urte bitarteko 20 bat gaztetxok hainbat modalitatetan jardungo dute.
Orain hiru urte benjamin eta kimu mailetako herri kirol taldea sortu zuten Maiztegi herri eskolan. Gaur egun, neska eta mutil, 28 gaztetxo dabiltza eta horietako asko Oromiñon batuko dira gaur, 18:00etan, hainbat modalitatetan erakustaldiak eskaintzeko: txokorrak batzen, txingak eta zakua eroaten, inguda jasotzen eta sokatiran ibiliko dira.
Jon Iñaki Etxaniz ondarrutarraren aginduetara ibiliko dira denak. Etxaniz Mutrikuko sokatira taldean ibilitakoa da, eta herri kirolen erakustaldi asko egin ditu herriz herri. Iurretan, gaztetxoei herri kirolen mundua ezagutzeko aukera eskaintzea zuen helburu: “Gipuzkoan udal, Aldundi eta eskolen artean programa komuna sortua zuten, eta hemen inguruan ez nuen horrelakorik ikusten herri kirolen eta gaztetxoen inguruan. Horregatik erabaki nuen Maiztegiko ikasleei aukera eskaintzea”. Gaur egun, Zarate eta Elexperen laguntzagaz, talde dotorea du benjaminetako 18 gaztetxorekin (talde bitan banatuta) eta kimuetako beste hamarrekin.
Esperientziak esaten dio 12 urtetatik aurrera gaitza dela gaztetxoak herri kiroletan mantentzea: “Benjaminetatik kimuetara pasatzen direnean erdiak geratzen dira. Kimuetatik aurrera oraindino gaitzagoa da”.
Aldundiko programa baten bidez, urtean hiru-lau herritan lehiatzen dira. Otsailean Berrizen eta martxoan Gernikan ibili ziren, beste hainbat taldegaz batera. Domeka honetan, hirugarren saioa izango dute Zeberion. Ondoren, aurreikusita dago talderik onenekin azkenengo saio bat egitea, eta esan dietenez, final hori Durangoko Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan egingo dute maiatzaren 11n.