Etxean partidurik galdu barik zegoen Larramendiri 1-2 irabazi diote. Ondorioz, domekan, Zaldua Bren kontrako azken partiduan, euren esku dago mailaz igotzea.
Domekan Larrakozelain Zaldua Bren kontrako derbia irabazten badu mailaz igoko da Iurretako B: Hirugarren erregionaletik Bigarren erregionalera. Azken jardunaldiaren faltan, Mungia eta Iurretako daude igoerako postu bietan; promozio postuan dagoen San Antonio puntu bira dute iurretarrek eta Larramendi bostera. Beraz, badakite, gutxienez, promozioko postua segurtaturik dutela. Derbian berdinketa ere nahikoa lukete San Antoniok Lipa Amorebietaren zelaian irabaziko ez balu. Iurretako B-Zaldua B eta Lipa Amorebieta-San Antonio partiduak domekan, 11:00etan, hasiko dira.
Larramendiren kontrako partiduan oso garrantzitsuak diren hiru puntu batu zituzten Karmelo Alonsoren mutilek, igoera eurek egiten dutenaren baitan geratzen delako, besteen emaitzen zain egon beharrik gabe. Horretarako, denboraldi osoan etxean partidurik galdu barik zegoen Larramendi menderatu zuten.
Lehenengo taldeak huts
Ohorezko mailan ari den Iurretako Ak, aldiz, igoera promozioan sartzeko aukera ona galdu du asteburuan. Lehenengo sailkatu bien arteko partiduan Sodupek 2-1 menderatu du Retuerto. Retuertoren atzetik puntu bakarrera zegoen Iurretakok, ordea, ezin izan du emaitza hori aprobetxatu eta, ustekabean, etxean bana berdindu du 14. postuan kokatuta dagoen Loiugaz. Maila berean Elorriok 1-2 irabazi dio Gallartari eta sailkapenaren erdian eroso kokaturik jarraitzen dute. Ohorozko mailan bost jardunaldi falta dira liga amaitzeko.