Espainiako Estatuko Kultura Ministerioak eta Udalerrien elkarteak eman diote Iurretako Bibliotekari Maria Moliner saria. Aurretik ere beste zazpi aldiz goraipatu izan dute Biblioteka honen lana, eta lehenengo saria egokitu diote aurten.
Irakurketa bultzatzeko egindako lana saritu diote Iurretako Bibliotekari. Lehiaketaren balorazio batzordeak, liburutegi horretan martxan ipinitako hainbat ekimen txalotu ditu: herriko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta egindako bisita gidatuak, ipuin-kontalarien saioak, ipuin eta bertso lehiaketak, etab. Proiektu onenaren saria eman diote: 12.000 euro eta 180 literatur nobedadek osaturiko bilduma.
"Poztasun handiagaz" hartu dute Iurretako Bibliotekako kudeatzaileek eta erabiltzaileek goraipamen hori. Iurretar guztiei eskerrak eman dizkiete liburutegiaren arduradunek, eta "ildo horretan lan egiten" jarraituko dutela adierazi dute.
2005. urteaz geroztik hartu du Iurretako Bibliotekak deialdi honetan parte, eta edizio guztietan hautatu dute 300 proiektu onenen artean. Bere kategoriako aipamen berezia jaso zuen, 2011n.