Gertasport kirol klubak 6 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako futbol kanpusa antolatuko du apirilaren 2tik 5era, Iurretako Larrakozelai futbol zelaian. Athletic Fundazioaren aholkularitza izan dute ekimena diseinatzeko, eta Athletic Club taldeko jokalari bi ere etorriko dira: Ander Herrera eta Fernando Amorebieta.
Getasport elkartea urtarrilean sortu zuten Iurretako futbol taldean dabiltzan kide bik: Jon Gurutz Vazquez entrenatzaileak eta Mikel Aranguren taldeko kapitainak. ‘Etorkizun kanpusa’ izena jarri dioten apirilekoa da euren lehenengo ekimena.
Kanpusari izaera ludikoa eman gura izan diotela adierazi du Arangurenek: “Tailerrak, ariketak… denetarik izango dugu. Baina gure helburu nagusia da gaztetxoak dibertitu daitezela. Etxera joan eta hurrengo egunean bueltatzeko gogoa izan dezatela. Futbolaren bidez, elkar ezagutu dezaten nahi dugu, euren arteko hartuemanak sustatuz. Kanpusa ez dugu konpetizio hutsera bideratuko”. Ekimena aurrera ateratzeko “esperientzia handiko monitoreak eta futbol entrenatzaileak” dituztela adierazi du Arangurenek.
Kanpusaren ordutegia honako hau izango da: 09:30etik 14:00etara. Parte-hartzaile guztientzako sari bat egongo dela adierazi dute antolatzaileek, eta azken egunean diploma bat jasoko dute. Izena emateko epea martxoaren 24an amaitzen da, eta 90 euro balio du. Seme-alaba bat baino gehiago duten gurasoei %10eko deskontua (bigarrenetik aurrera) egingo diete. Izen-ematea honako webgune honetan egin daiteke: www.gertasport.com.