Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak egun berean ipini zituen itzuli biak; kategoria baxuagoa duen arren, talderik garrantzitsuenek Emakumeen Birara etorriko direla konfirmatu dute.
Iazko urrian, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (TNB) 2012/13ko egutegia bidali zienean, aho bete hortz geratu ziren Emakumeen Bira Ziklismo Kirol Elkarteko kideak. Alde batetik, HC (Hors Catégorie) izeneko maila berri bat sortu zutela ikusi zuten, denetan mailarik gorena, eta Bira emakumeen txirrindularitzan erreferente nagusienetakoa den arren, inork ez ziela, gutxienez, maila berri horretan sartzea interesatuko litzaiekeen kontsultatu. Hori gutxi balitz, HC mailako itzuli bat —AEBetako Exergy Tour— Emakumeen Birako egun berdinetan ipini zuten. Erabaki horrek zuzenean eragiten dio Durangoko Klasikari ere, Bira baino egun gutxi batzuk lehenago lehiatzen delako. Elkarte biek gutun bat idatzi zioten TNBri euren haserrea erakusteko eta Durangoko Klasikako zein Emakumeen Birako datak pare bat aste aurreratu zitzaten eskatuz. Erantzunaren zain zeudela gauzatu zen ustekabekoa.
Emakumeen Bira AEBetakoa baino kategoria bat baxuagokoa den arren —2.1 kategoria du— talderik garrantzitsuenek Birarako euren konfirmazioa eman zuten apurka-apurka. Ondorioz, ez dute datarik aldatuko, eta ekainaren 6tik 9ra mantenduko dute; Durangoko Klasika, berriz, ekainaren 4an izango da. TNBren sailkapeneko hamar talderik indartsuenetatik zazpik Emakumeen Bira lehenetsi dute, tartean, sailkapeneko aurreneko laurek: Rabo Women, Lululemon, Orica-Ais eta Hitec Products taldeek. Nahiz eta Lululemon AEBetako taldea izan, Birara etorriko da.
Txirridulariei dagokionez ere, beste hainbeste esan daiteke. Emma Johansson, Annemiek Van Vleuten, Evelyn Stevens, Ina Teutenberg eta Truxi Worrack etorriko dira, besteak beste. Denak TNBren sailkapeneko hamar onenen artean daude.
Munduko onena den Marianne Vos ez da etorriko, aurten mountain-bikeagaz dabilelako. Iazko irabazle Judit Arndtek, ostera, txirrindularitza utzi du. Denbora honetan, txirrindularien mezu zuzenak ere jaso dituzte. Van Vleutenek “oso lasterketa ederra” zela idatzi zien eta “aurten ere bertan lehiatzeko gogo handiekin” dagoela.