"Sukaldari jantzita danborra jo dugu Shangaiko kaleetan"

Anboto 2013ko mar. 3a, 08:28

Txinera asko gustatzen zaio Garazi Uriarteri, eta badabil astiro-astiro ikasten. Bikotekideari lanetik hara joateko eskaintza egin ziotenean, esperientzia polita izango zela pentsatu zuten. Urte bi daroatzate bertan, eta beste hiru urte egiteko esperantza dute. Euskal Etxeko presidente kargua hartu du aurten Uriartek, eta kontatu duenagatik, bere saltsan dabilela nabaritzen da

Txinera asko gustatzen zaio Garazi Uriarteri, eta badabil astiro-astiro ikasten. Bikotekideari lanetik hara joateko eskaintza egin ziotenean, esperientzia polita izango zela pentsatu zuten. Urte bi daroatzate bertan, eta beste hiru urte egiteko esperantza dute. Euskal Etxeko presidente kargua hartu du aurten Uriartek, eta kontatu duenagatik, bere saltsan dabilela nabaritzen da.

 

Noiztik zaude Shangain?

Maiatzean urte bi egingo ditut. Hona etortzeko aukera nire mutilaren bidez etorri zen. Lan kontuak direla-eta, Shanghaira etortzea proposatu zioten, eta biontzako esperientzia polita izango zelakoan, baiezkoa eman genuen. Horregatik izan ez bazen, inoiz ez zitzaigun otuko honeraino etortzea.

 

Zelako hiria da?

Egia esan, ez da batere polita; denbora gutxian asko handitu da eta denetik ikusten da hemen. Hasieran, Shanghai arrantzaleen herri bat zen, eta orain Txinako hiririk garrantzitsuenetakoa da ekonomikoki. Gustura bizi gara, hasieran beldur pixka bat eduki genuen aldaketa dela-eta, baina hain handia da hiria, denetariko jendea dagoela; bizitzeko leku kuriosoa da.

 

Zelakoak dira shangaitarrak?

Oso oso desberdinak gara, denean; kulturatik hasita, janzteko erara; jendearekin erlazionatzeko orduan, gidatzeko eran, jateko orduan… Txinako beste herrialdeekaz alderatuta, Shanghai hiri “matriarkala” dela esaten dute. Oso bakezaleak dira, eta delinkuentzia ez da asko ikusten hemendik.

 

Euskaldunek topagunea daukazue Euskal Etxean. Ekintza asko edukitzen dituzue?

Hilero, gutxienez bi ekintza egiten saiatzen gara. Uste dugu kanpoan bizitzen gauden euskaldunok horrelako gauzak eskertu egiten ditugula, baita denboraldi txiki baterako lanera datorren nor edo nork zein bisitan datorrenak ere… Aukera ona da batu eta gure bizimodua zelan doan elkarri kontatzeko, eta ondo pasatzeko ere bai. Inork ez gaitu behartu honeraino etortzera, baina hemengo egonaldia zelanbait errazteko, zer hobeto Euskal Herriko jendearekin inguratzea baino!!!

 

Bertako presidentea zara. Eginkizun bereziak dauzkazu?

Lau juntakide berri gaude aurten, eta bakoitzak teorikoki eginbehar bat badaukagu ere, praktikan, elkarri laguntzen ahalegintzen gara denok. Gainera, lau horretatik bik ikasi egiten dugu, eta beste biak beharrean daudenez, bakoitza ahal duena egiten saiatzen da.

 

Euskaldun asko batzen zarete?

Inauteri eguna ospatu genuenean, adibidez, 50 bat lagun batu ginen. Shanghain bizi garen euskaldunetatik, gehienak beharrean dabiltza, eta beste asko ikasten gabiltza, bai karreren bat, bai txinera. Askok eta askok ama izateko aprobetxatu dute. Beraz, denetarik daukagu!

 

Shangaitarrek badute zuen txokoaren berri?

Euskal Etxea Shanghai barruan dagoen tanta txiki bat baino ez da, baina gure burua ahal den gehien ezagutarazten ahalegintzen gara. Ekintza asko Euskal Etxetik kanpo egiten ditugu, asko begiratzen gaituzte eta batzuk galdetzera ere animatzen dira. Urtarrilean danborrada egin genuen, denok sukaldari jantzita eta danborra jotzen Shanghaiko kaleetatik, martxoan Korrika egingo dugu... Egia esan, desinformazio handia daukate, baina beno, pazientzia handia daukagu, nortzuk garen azaltzeko eta horri ekingo diogu.

 

Zer egiten zaizu erakargarria euren kulturatik?

Hizkuntza bera asko gustatzen zait, ikasteko oso gaitza izan arren, batez ere idazkera. Jatekoan ere, gauza asko gustura jaten ditut. Gutxien gustatzen zaidana da, oso kontsumistak direla. Ez dute ingurumena zaintzen, eta ondoko bati zerbait pasatzen bazaio, ez dute kasurik egiten...

 

Txinatik bidaiatzeko aukera eduki duzue?

Egia esan, oso gutxi. Oporretan, Txinatik irtetea gustatzen zaigu. Txinan bertan, ama eta kuadrilakoak etorri zirenean bidaiatu genuen. Orain dela urte bi ama etorri zen bisitan, bera bakarrik gainera. Aurten koadrilakoak etorri dira... Etxeko inor datorrenean, beti da polita non bizi zaren erakustea, eta guk ere asko gozatzen dugu etxekoak bertan ikusita!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!