Ganbera orkestra batek zabalduko du Musikaldia

Anboto 2012ko aza. 19a, 08:34
Kontzertu bi izango dira aurten, Iurretako Musikaldiaren egitarauaren barruan: Kataluniako ganbera-musika, eta \'El show de Dodó\' ikuskizuna

Kontzertu bi izango dira aurten, Iurretako Musikaldiaren egitarauaren barruan: Kataluniako ganbera-musika, eta ‘El show de Dodó’ ikuskizuna.

 

Kataluniako Empordá eskualdeko ganbera-musikako orkestraren eta Musika Cabaret taldearen kontzertuak dakartza, aurten, Iurretako Musikaldiak: azaroaren 24an, Aita San Migel elizan joko du Orquestra de Cambra de L’Empordák, eta azaroaren 30ean Ibarretxe kultur etxean eskainiko du Musika Cabaret taldeak, El show de Dodó ikuskizuna.

 

Mikel Deuna kultur elkartearen bultzadagaz hasi ziren, duela hainbat urte, Musikaldia antolatzen Iurretan, baina azken urteetan Iurretako Udalak hartu du musika zikloa antolatzeko ardura. Iurretarrei musika klasikoa eskura ipintzea du programak helburu, eta asmo horregaz aukeratu dituzte aurtengo zikloko talde biak ere.

 

Batetik, azaroaren 24an, Aita San Migel elizan joko du, 20:00etan, 1989an sortu zen Orquestra de Cambra de L’Empordá taldeak. Munduan zehar ia hiru mila kontzertu eskaini ditu talde horrek, sortu zenetik. Carles Coll da taldearen zuzendaria, eta zortzi biolinista, bina biola eta biolontxelo jole, eta kontrabaxu-jole batek osatzen dute taldea. Mozarten musikagaz hasi eta Beatles taldearen doinuekin amaituko den bidaia proposatuko du orkestrak, Iurretan.

 

Azaroaren 30ean, 19:00etan, Ibarretxe kultur etxean eskainiko du Musika Cabaret-ek El show de Dodó. Musika klasikoa eta zinema mutukoa oinarri hartuta, fantasiazko esparru batera eramango dute entzulea: eszenaratzeagaz eta musikarien maisutasunagaz, 1930eko hamarkadako Berlingo kabaret bateko giroa sortuko dute Ibarretxen. Mastretta taldeko lau musikari dira ikuskizuneko protagonistak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!