Agus Ruiz Larringan iurretarrak bigarren legegintzaldia hasi du Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko lehendakari. 80 batzarkidetatik 63k eman zuten botoa eta horietarik aldeko 51boto jaso zituen Ruiz de Larringanek.
Pertsonalki zelakoak izan dira lehenengo lau urteak?
Une onak eta txarrak egoten dira. Erantzukizunaren pisua nabaritzen da, begirik bildu ezinik zabiltzan gauak eta abar. Baina legegintzaldia amaitu eta lehendakaria aukeratzeko bozketan gehiengoak zure alde egitea pozgarria da. Beti daude ikuspuntu ezberdinak, baina nik denentzat lan egingo nuela adierazi nuen. Norbere printzipioekin, baina denen iritziak entzunda.
Aurreko legegintzaldiaz zein balorazio egiten duzu?
Lehenengo legegintzaldiko helburu nagusien artean pistako ziklismoa eta txirrindularitza eskolak indartzea zeuden. Pista asko indartu dugu. Eskolei dagokionez, klubekin hartueman ona izan dugu, baina kontuan hartu behar da gaur egungo kirol eskaintza orain hogei urtekoa baino askoz handiagoa dela. Horregatik, arlo horretan ekin eta ekin egin behar da, ez dago lo hartzerik.
Harrobiari begira zer lan egin duzue?
Gure asmoa txirrindularitza ikastetxeetara ere ahalik eta gehien zabaltzea da, gorputz hezkuntzako urteroko programan sartzeko. Izan ere, txirrindularitza modu askotara praktikatu daiteke, bide asko daude. Zelanbait txirrindularitza apurka gaztetxoen aisialdirako aukera bihur dadin saiatzen gara.
Federazioak berak zer ekintza egiten du ikastetxeei begira?
Iaz hastapen ikastaroak ematen hasi ginen Bizkaiko hamalau ikastetxetan. Aurten beste batzuk bisitatzen ari gara. Durangaldeari dagokionez, iaz Durangoko Landako ikastetxean eta Otxandioko Mainondon egon ginen. Aurtengo egutegian berriro sartu dugu Otxandio, iaz interes handia erakutsi zutelako. Otxandion txirrindularitza eskola federatu bat sortzea hausnartzen ari gara. Ea lortzen dugun.
Horrez gainera, haurtxoen kategorian errepideko lasterketak antolatu gura ditugu. Normalean, industriguneetako zirkuituetan egiten dira eta oso lauak izaten dira. Kadeteetara pasatzen direnean aldaketa gogorra egiten zaie, ez daudelako aldapetara ohituta, ez igotzen eta ez jaisten. Bide hori leuntzeko errepideko dozena erdi lasterketa antolatu gura dizkiegu.
Pistako txirrindularitza zelan indartu duzue?
Pistan ohiko egutegiari eutsi diogu eta, horrez gainera, Euskadiko Federaziotik pistara zuzendutako euskal torneo bat sortu dezaten lortu dugu. Durangaldeko elkarte gehienek erabiltzen dute Berrizko belodromoa, lehiatzeko ez bada teknifikatzeko. Hala ere, klub batzuen partetik badago halako errezelo bat pistarekiko. Belodromoa toki aprosa da txirrindularien teknika eta taktika hobetzeko; entrenamendu egokiekin errepideko txirrindulariek izan ohi dituzten gabeziak hobetzeko balio du. Hori da Bizkaiko klub denei txertatu gura diegun ideia.
Emakumeen txirrindularitzari dagokionez, Eneritz Iturriagak adierazi zuen gazte mailetatik nagusietarako urratsa bereziki gatxa izaten dela.
Emakumeen txirrindularitzan etapa denak dira gatxak. Kadeteetatik gazteetara salto handia dago. Gazteetatik bestera, nik berba horregaz deitzen diot emakumeetan dugun amateur mailako profesionalismo horri, ba, gazteetatik bestera salto ikaragarria dago. Gizonetan salto hori hobeto egituratuta dago, ez da hain gogorra. Emakumeak gazteen mailatik Espainiako onenekin lehiatzera pasatzen dira bat-batean. Pausu hori leuntzeko mekanismoak falta dira. Ekonomikoki ere indartu beharra dago. Baina ez naiz txirrindularitzari buruz bakarrik ari, oro har emakumeen kirolari buruz baino. Jaurlaritzatik erabaki gehiago hartu ahal dira emakumeen kirola sustatzeko. Legeak badaude, baina legeak betearazi egin behar dira eta behar bada horietan gehiago sakondu. Hedabideek ere badute euren erantzukizuna.
Bizkaian emakumezko txirrindulari gazteen maila ona dago.
Klubetatik lan handia egiten da. Ez dira hedabideetan asko irteten, baina beharrezko lana da, norbaitek egin behar duena. Baina lanean jarraitzeko laguntza behar dute: giza baliabideak, ekonomikoak… Bestela, begira zer gertatzen den; emakumeetan zein gizonetan atzerritik fitxatzen dituzte txirrindulariak. Gazteen mailako klubetan musutruk aritzen dira. Dena dela, nire ustez, sarritan ez da diru edo material falta arazo nagusia, horiek ere asko laguntzen duten arren. Esango nuke, errekonozimendua behar dutela, baina ez gurasoen aldetik bakarrik, gizarte mailako errekonozimendua baino.
Euskaltel-Euskadik hartu duen norabideari buruz zer iritzi duzu?
Ez zait gustatzen. Diotenez UCI World Tourrean sartzeko puntuak behar zituztelako hartu dute norabide berria. Hor sartzeko erabaki puntuala bada justifikagarria izan daiteke, baina hori izango bada urteroko politika ez zait gustatzen. Dena dela, ez dut uste Euskaltel-Euskadik derrigor egon behar duenik UCI World Tourrean. Euskal txirrindulariek egindako lanagaz Tourrean, Giroan edo beste edondon parte hartzeko hautagaitza aurkezteko nahiko argumentu bazutela uste dut. Beste talde batzuek lortu dute Euskaltelek baino caché eta oihartzun mediatiko gutxiago izanda: AG2Rk, esaterako. Euskaltelek zalez betetzen ditu Pirinioak edo Alpeak, horietako asko kamiseta naranja jantzita.