Urriaren 24an, Agustin Ruiz Larringan iurretarra, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidente aukeratu zuten berriz ere datozen hiru urteetarako.
80 batzarkidetik, botoemaileak 63 izan ziren eta Agustin Ruiz Larringanek 51 boto jaso zituen. Beste hautagaia Iñaki Gaston Crespo izan zen eta honek 11 boto jaso zituen. Boto zuri bakarra izan zen.
Agustin Ruiz Larringanek, besteak beste, hurrengo hauekin osatuko du zuzendaritza batzordea. Jokin Bilbao durangarrak idazkari postua beteko du, Iñaki Mazoniaga elorriarra arlo teknikoaz arduratuko da eta Joseba Gorostiza elorriarrak beregain hartuko du txirrindularitza eskolaren ardura.
Aukeratutako presidenteak bere aldeko apustua egin duten guztiei eskerrak eman zizkien, eta zuzendaritza batzordearengan eta lan taldearengan konfiantza osoa duela adierazi du. Lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko direla esan zuen Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidente hautatu berriak.