Aucklandetik Iurretara hamaika orduko diferentzia (hamar gehi bat) eta milaka kilometro egon arren, Euskal Herrian gertatzen dena gertutik jarraitzen du Izaskun Ellakuriagak. Bizkaia Irratiko kazetaria da, Gerediaga elkartean eta Bertsozale elkartean hainbat ordu sartutakoa. Esperientzia berrien bila eta ingelesari astindua ematera egin zuen hegan apirilean Zeelanda Berrira, eta bertan gauza asko ikasten dabil. Teknologia eta sare sozialen bidez munduagaz eta Euskal Herriagaz konektatuta dagoela azaldu du.
Zeelanda Berrira joan zinen apirilean. Zelan sortu zitzaizun asmo hori?
Aspalditik nire ingeles pobreari astindua emateko gogoa neukan, eta sekula ez nuen tarterik hartzen horretarako. “Orain edo sekula ere ez”, pentsatu nuen orain urtebete, eta abenturari ekin diot aurten.
Hilabete batzuk egin dituzu bertan honezkero. Bertakotuta ibiliko zara zeharo...
Ez pentsatu. Ahalegintzen naiz, baina Auckland ez da oso ‘kiwia’, asiarrak daude gehiago hemen. Hala ere, oso hiri intentsoa da eta ez dago aspertzeko astirik.
Ingelesa hobetzeko ahaleginetan, euskara erakusteko aukera sortu zitzaizun bertako natibo bategaz. Zelan ba?
Foro batean, euskaraz agurtzen nuela ikusi eta euskalduna izango nintzela pentsatuz bat egin zuen nirekin. Orain ikasle-irakasleak gara. Astean behin euskara klasea daukagu, eta trukean nik ingelesa praktikatzen dut. Nork esango luke munduko beste puntan euskara irakasle ibiliko nintzenik! Beste emakume batek ere interesa erakutsi dit. Laster euskaltegia zabaldu beharko dut.
Zelako jendea ezagutzen ari zara Zeelanda Berrian? Zelako kultura da bertakoa?
Atzerritar asko dago, batez ere Aucklanden, egun bizi naizen hirian. Eta ezagutu, munduko paraje ezberdinetakoak ezagutzen nabil. Asko Asiako herrialdeetakoak. Hiri honetako kultura oso anitza da eta aberatsa alde horretatik.
Kultura eta hizkuntza maoriaren inguruko hainbat ‘txio’ idatzi dituzu Twitterren. Hizkuntzaz zeozer ikasi duzu?
Hizkuntzaz baino gehiago maorien kulturaz irakurri, ikusi eta ezagutu dut gehiago. Nire asmoen artean badago hizkuntza maoria ikastea, eta euren ohitura, sineskera, historia eta abarrean gehiago sakontzea.
Urriaren 14an hasiko da Munduko Triatloiaren Final Handia, eta boluntario ibiliko zara. Zelan sortu zaizu aukera hori?
Aucklanden zer gertatzen dabilen egunean-egunean jakiteko sare sozialak erabiltzen ditut eta horrela jakin nuen triatloiaren finala izango zela eta boluntario bila zebiltzala. Jendea ezagutu eta ingelesa praktikatzeko aukera ona zela pentsatuz izena eman nuen.
Munduaren beste aldean egon arren, Euskal Herriagaz kontaktuan zabiltza teknologia berriekin, ezta?
Batzuetan Internetekin borrokan ibili arren, teknologia berriak hemengo, horko eta hango kontuen berri izateko ezinbesteko tresna bihurtu ditut. Etxekoekin eta lagunekin komunikatzeko ere inbento ederra dira.
Euskal Herrian hainbat proiektutan zaude inplikatuta. Bizkaia Irratian lanean, bertsozale elkartean, Gerediaga elkartean... Saltsa horien falta igartzen duzu?
Bai eta ez. Durangoko Azoka, Bizkaiko Txapelketa, irratiko lankideen egunerokoen joan-etorrien falta badaukat. Baina online gertutik jarraitzen ditut. Ahal dudanean ere ahalegintzen naiz distantziatik ekarpenak egiten.
Sanmigelak zelan pasatu dituzu erbestean?
Kasualitatez, iurretar bik egun horretan hasi zuten Zeelanda Berrian oporraldia eta San Migel Egunean alkarrekin afaldu eta trago bat hartzeko aprobetxatu genuen.
Asteon hasiko dira Bizkaiko bertsolari txapelketako kanporaketak. Jarraituko dituzu Aucklandetik?
Distantziatik eta orduen diferentziak uzten didan neurrian txapelketa, azoka eta horko gainontzeko ekimenak gertutik bizitzen jarraituko dut.