Herri bibliotekaren udazkenerako apustuak

Anboto 2012ko ira. 18a, 14:44

Urteetan arrakasta handia eduki duten ekintzetariko asko planteamendu berriagaz eskainiko dituztela azaldu du Ziortza Onaindia Herri Bibliotekaren kudeatzaileak. Gaur aurkeztu dute Herri Bibliotekak udazkenerako egiten duen eskaintza zabala

Urteetan arrakasta handia eduki duten ekintzetariko asko “planteamendu berriagaz” eskainiko dituztela azaldu du Ziortza Onaindia Herri Bibliotekaren kudeatzaileak. Gaur aurkeztu dute Herri Bibliotekak udazkenerako egiten duen eskaintza zabala.

 


“Adin tarte guztientzako pentsatutako ekintza sorta” eratu dute, "irakurzaletasuna bultzatu eta kalitatezko kultur ekintzak eskaintzeko”, aurkezpenean azaldu dutenez. “Gure apustua eta erronka kalitatea eta eskaintza mantentzea eta ahal bada hobetzea da", adierazi dute arduradunek. Helburu horren isla argia da kaleratu duten egitaraua: 0 eta 7 urte arteko umeentzako tailer bi, umeentzako zein helduentzako irakurketa klubak, gazteei zuzenduriko tailerrak, teknologia berrien aukerak, etab. eskainiko dituzte.

 


“Argi daukagu Bibliotekak bere hormak gainditu eta kalera atera behar duela jendea egitarau zabalagaz erakartzeko”, azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak.

 

Herri Bibliotekagaz batera urteetan elkarlanean jardun duten herriko hainbat elkartegaz eta herriko ikastetxeekin lan eginda antolatu dute udazkeneko egitaraua ere. Eragile horiek Herri Bibliotekaren helburuak gauzatzeko eskaintzen duten laguntza eskertu gura izan dute aurkezpenean.

 


\'Azalerako ipuinak\'

Dagoeneko egonkortuta dagoen zazpi urte artekoentzako Bularretik Mintzora tailerraren osagarri bezala, Azalerako ipuinak tailerra eskainiko dute ikasturte honetan, lehenengoz. Jaioberri direnetik 3 urte arteko umeei eta euren gurasoei zuzenduriko eskaintza da hau: abestiak, ipuinak, hitz jokoak, poemak eta masajeak baliatuz haurtxoak literaturaren mundura hurreratzea du tailerrak helburu, eta Saroa Bikandik gidatuko du. Urriaren 24an abiatuko dute tailerra, eta aldez aurretik liburutegian bertan eman beharko da izena.

 


Publiko leiala daukaten beste hainbat ekimen mantenduko dituzte gainera, udazken honetan ere: umeentzako ipuin-kontalarien hileroko emanaldiak, emakumeen literatur tailerra, edo gazteentzako komiki digitalen tailerra, esaterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!