Iurretakok zale gazteen animoak erakarri gura ditu

Anboto 2012ko ira. 15a, 08:30

Denboraldiko partidetarako Gazte Txartela sortu dute, 15 euroan

Denboraldiko partidetarako Gazte Txartela sortu dute, 15 euroan.

 

Gaurkoa egun historikoa izango da Iurretako futbol talderantzat. Iaz igoera lortuta, estreinaldia izango dute Ohorezko mailan. Klubak sekula ez du jokatu hain maila altuan. Erandio arerio dutela (18:00etan), Larrakozelaiko harmailek itxura dotorea eskainiko dute. Gainera, zuzendaritzak harpidetza kanpaina abiatu du bazkideak gehitzeko.

 

Jose Antonio Legorburu klubeko presidentearen esanetan, 18 eta 26 urte arteko gazteei zuzendutako Gazte Txartela sortu dute. Txartel horrek 15 euro balio du eta txartelagaz Larrakozelaira sartu ahalko da gura duen partidu guztietan, denboraldi osoan. Bestalde, hilaren 29an, San Miguel jaietan, plazan postu bat ipiniko dute, kluba ezagutzera emateko.

 

Zazpi fitxaketa

Iurretakok zazpi jokalari berri fitxatu ditu: Unai Rodriguez atezaina eta Joseba Valladares zentrala Durangoko Kulturaletik, Eneko Errazti eskuin hegalekoa Indautxutik, Xabier Infante ezker hegalekoa Abadiñotik, Ekaitz Molina erdilaria Arenasetik eta Ander Cenitagoya punta erdia Sondikatik. Urtebetez futbola utzita izan duen Patxi Onandia ere berreskuratu dute.

 

Iurretakoren maila berean, Elorriok Loiuren zelaian ekingo dio denboraldiari, domekan. Iaz sufritu egin zuten mailari eusteko eta aurten ere mailari eustea izango da helburua. Hurretik jarraitzekoak izango dira Iurretakoren aurkako derbiak.

 

Lehenengo erregionalean ere asteburu honetan hasiko dute denboraldia Berrizek, Abadiñok eta Zalduak. Berrizek denboraldi bitan maila galdu du eta apurka-apurka behetik gorako bideari ekin gura dio. Iaz igoera lortu zuen Abadiñoren helburua mailan egonkortzea izango da. Zalduak denboraldia etxean hasiko du: gaur, 17.00etan, Basurto hartuko dute Eleizalden. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!