Kadeterik onenak batuko dira Iurretako txapelketan

Anboto 2012ko eka. 21a, 12:53

Pablo Berasaluze IV. Pilota Txapelketa antolatu dute, nagusietan izan ezik beste maila guztietan; azpimarratzekoa da kadeteen maila

Pablo Berasaluze IV. Pilota Txapelketa antolatu dute, nagusietan izan ezik beste maila guztietan; azpimarratzekoa da kadeteen maila.

 

Joan zen asteburuan hasi zuten Iurretan Pablo Berasaluze IV. Pilota Txapelketa. Nagusien maila kenduta, gainerako maila denetan antolatu dute: benjaminetatik gazteetara, 200 bat pilotari guztira.

 

Partiduak zapatu goizetan, 11:00etan, eta zapatu arratsaldetan, 16:00etan jokatuko dituzte, kanporaketa sistemaren bidez. Eguazten eta bariku batzuetan ere jardunaldiak antolatuko dituzte beharrezko ikusten badute. Finalak uztaileko azken astean edo abuztu hasieran jokatuko dira.

 

Kadeteetan eta gazteetan binaka ariko dira eta gainerako mailetan lau t’erdiaren barruan. Kadeteetan gaur egungo pilotaririk onenak batuko dira. Aburuza Euskadiko txapeldunak eta Sarasa eta Larunbe Euskadiko azpitxapeldunek hiru iurretarrekin osatuko dituzte bikoteak: Elordi, Calleja eta Otaduigaz, hurrenez hurren. Horiei Zubikarai-Mendibe bikotea gehitu behar zaizkie, gaur egungo Bizkaiko txapeldunak. Oro har, txapelketa irabazi ahal duten zazpi-zortzi bikote daude, Valen Calleja Iurreta pilota eskolako ordezkariak adierazi duenez.

 

Gazteetan, besteak beste, Iker Irribarria etorriko da (Imaz izango du bikotekide). Mallabiko Biharko Izarrak txapelketako azpitxapelduna da lau t’erdikoan. Maila honetan Sanchez eta Dario errioxarrak izango dituzte arerio nagusiak.

 

Aipatzekoa da, bestalde, Jose Mari Zezeaga pilotari ohiaren semeak eta Haimar Olaizolaren lehengusuak ere parte hartuko dutela txapelketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!