Ekainaren 15, 16 eta 17rako bost antzerki emanaldi dakartzan jaialdia aurkeztu dute. Iñaki Totorikaguena alkateak, Markeliñe antzerki taldeko Joserra Martinezek eta jaialdia koordinatzen jarduten duen Deabru Beltzak taldeko Cesar Arroyok aurkeztu dute egitaraua.
Salitre taldeak eta Xabi Larreak estreinatu berri dituzten Amor ciego eta Up! izango dira, esaterako, Iurretako Kalez Kale antzerki jaialdian ikusgai. Gainera, Zornotzako Markeliñe taldeak ume zein helduentzako sortu duen lehenengo obra, Zoozoom, ere estreinatuko dute, ekainaren 16an, San Migel plazan.
Hain zuzen, publikoaren parte hartzea da lan berri honen ardatza: Joserra Martinez azaldu duenez, "40 ume inguru eta 6 helduren parte hartzeagaz" osatuko dute antzezlana. Markeliñeren errezeta jarraitu dute obra sortzeko: "Ahalik eta testu gutxienagaz ahal den gehiena adierazten saiatzea".
2007an lehenengoz antolatu zuten asmo beragaz antolatu dute jaialdia: Iurreta “Euskal Herriko antzerki taldeentzako plataforma, kale antzerkian erreferente” bilakatzeko, Totorikaguena alkateak nabarmendu duenez. Aurtengo egitaraua 12.000 euroko aurrekontuagaz antolatu dute.
Musikaren nazioarteko egunerako
Kalez Kale antzerki jaialdia abiatu eta urtebetera hasi ziren Musikaren nazioarteko egunagaz bategin eta ekainaren 21erako ekitaldiak antolatzen. Azken urteetan bezala, Maiztegi ikastetxeko 165 umeren kalejira abiatuko dute egun horretan, San Migel plazatik. Blues Jazz Deluxe taldearen soul eta funky doinuak izango dira 19:00etan, Musikaren nazioarteko eguna borobiltzeko, Dantzari plazan entzungai.