"Analogikoagaz gaitzagoa da argazki on bat ateratzea"

Anboto 2012ko mai. 28a, 08:55

Iurretako Jauregi Etxekoa da Iñaki Irazabal. Bere sorterria Durangogaz lotzen duen zubiko eraikin zaharrekoa. Bertatik ikusi du herria eraldatzen. Bere argazki-artxiboan ere badauka herriaren eta biztanleen historiaren zati bat. Aspalditik argazkilari afizioz, biltegi batean dabil ofizioz.

\"\"Iurretako Jauregi Etxekoa da Iñaki Irazabal. Bere sorterria Durangogaz lotzen duen zubiko eraikin zaharrekoa. Bertatik ikusi du herria eraldatzen. Bere argazki-artxiboan ere badauka herriaren eta biztanleen historiaren zati bat. Aspalditik argazkilari afizioz, biltegi batean dabil ofizioz.

 

Zelan afizionatu zinen argazkigintzara?

Etxean argazki-makina bat agertu zen, istorio arraro batez ailegatua. Hamalau bat urtegaz aitak utzi egin zidan argazki batzuk ateratzeko. Gero, Alpino Tabirak sanfaustotan-eta egiten zituen rally fotografikoetara joaten hasi ginen koadrilako batzuk. Ez neukan makina propiorik orduan, eta lehengusuak utzitako bategaz joaten nintzen. Halantxik, apurka-apurka hasi nintzen.

 

Zelako kamera izan zen erosi zenuen lehenengoa?

Ez naiz akordatzen nondik erosi nuen, kamera txiki eta normal bat zen. Orduan kamerak karuak ziren. Gero, mendira asko joaten hasita, beste bat erosi nuen. Erretratuak baino merkeagoak ziren diapositibak. Olympus markakoa zen. Ondo ateratzeko ahalegina egiten genuen, errebelatuak-eta ez zirelako orain lako merkeak. Gerora, Andorraraino ere joan nintzen makina bat erostera. Gaur egun zortzi bat dauzkat etxean.

 

Zelako argazkiak gustatzen zaizkizu?

Mendikoak pilo bat dauzkat. Alpeetara eta Pirinioetara egindako bidaietan ateratakoak, adibidez. Iurretako jaietakoak eta ezpatadantzakoak, paisajeak... Jendeagaz, sorpresaz harrapatutakoak izaten dira onenak.  Esaterako, Tunisian oporretan egon nintzenean segidan mordoa ateratzen nituen. Gero hotelera heldu eta igoal 30etik batek balio zuen.

 

Iurretan, jai-giroko argazkilaria zara.

Karnabaletakoak pilo bat dauzkat! Sanmigelak, sanjuanak, Goiuria, Oromiño edo Orozketako jaiak... Herri barruan egiten diren ekintzak ere bai.

 

Etxean artxibo galanta edukiko duzu...

5.000 argazkitik gora edukiko ditut, gutxi gorabehera. Ordenagailuan dauzkat gehienak. Zaharrak, digitalera pasatzen nabil apurka-apurka. Baina kontu geldoa da hori. Diapositibek, denboragaz kolorea galdu eta horitu egiten dira.

 

Argazki bitxi bat, urteotan atera duzuna?

Iurretan zuri-beltzeko rally bat egon zenekoa. Argazki bategaz premio berezia irabazi nuen. Beste barik egindako bat izan zen: negatiboa ondo aseguratzeko lurrera begira atera nuen lehenengo argazkia. Montoian, krossekoak arineketan irtetzean izan zen. Korrikalariak eguzkiak jotzen zituen atzetik, eta euren gerizpa agertzen zen lurrean.

 

Eta estimu berezia diozunen bat?

Etxean estimu handiko argazki bat daukat, baina ez da nik ateratakoa. Aitaren baserriko kamaran topatu nuen nire aitite-amamen ezkontzako argazki original bat.

 

Analogikoa ala digitala?

Desberdinak dira.  Digitalak duen abantaila da ordenagailuan jokatu dezakezula: argitu, ilundu... Analogikoan ere gero laboratorioan tratatu ahal ziren, baina kostatzen zen. Nik uste gaitzagoa dela analogikoagaz argazki on bat ateratzea digitalagaz baino. Analogikoagaz maniobrarako tarte gutxiago daukazu.

 

Margotzen ere ibiltzen zara. Erakusketak ipini izan dituzu.

Egongela koadroz eta margoz beterik daukat. Betiko afizioa da. Horrelako idea bat egiten hastean, denbora konturatu barik pasatzen zait.

 

Zuen etxea historikoa da Iurretan.

Montoian geratzen den etxe zahar bakarra da.  Gogoratzen ditut goiko pisua egiteko obrak, alboan udaletxea zegoela... Kasko txiki bat zen guztia. Kainopea ere gogoan daukat. Hor behean dagoen lurpeko zubi bat da; orain itxita dago. 50 urtetik gorako guztiok han ikasi genuen erretzen! (barrez)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!