"Lantzean behin autoari bultzaka ibili izan gara"

Anboto 2012ko mar. 18a, 08:00

Marokon zehar ibili dira Eneko Barroeta eta Arrizen Sagarduy, Tangerretik Essaouirara doan Panda Raid proba solidarioan. Seat Panda autoagaz 6.000 kilometro egin dituzte. Hango eskola batean material didaktikoa uztea izan da ekimenaren helburuetako bat. Bueltatzeko gogoz agertu dira iurretarrak

Marokon zehar ibili dira  Eneko Barroeta eta Arrizen Sagarduy, Tangerretik Essaouirara doan Panda Raid proba solidarioan. Seat Panda autoagaz 6.000 kilometro egin dituzte. Hango eskola batean material didaktikoa uztea izan da ekimenaren helburuetako bat. Bueltatzeko gogoz agertu dira iurretarrak

 

Aspalditik datorkizue lasterketetarako afizioa.

E.B.: Beti gustatu izan zaizkigu rallyen inguruko kontuak. Dakar egiten zenean esaten genuen: “Horra joan behar dugu!”. Proba honetaz enteratu, eta animatu ginen.

A.S.: Prentsan ikusi genuen Bilboko udaltzainak joan zirela iazko Aste Santuan. Lagun batek autoa eman zigun, matxuratuta, eta konpondu egin genuen.

 

Proba solidarioa da, gainera...

E.B.: Bata besteagaz lotuta egoteak erakarri gintuen. Raid bat [landan zeharreko rally bat, errepide barik] egitea da asmoa, hango jendea laguntzeko, eta batez ere eskoletan. Material didaktikoa eroaten da autoetan.

 

Prestaketa eskatuko du probak.

E.B.: Teknikoki, motorra eta gurpilak Pandaren orijinalak izatea eskatzen dute, esaterako. Baina garrantzi handiena segurtasunari ematen diote.

A.S.: Aldean hainbat gauza eroan behar izan dugu: hogei litro gasolina, ura, bengalak... Gaitza izan da autoa konpontzea edota materialak lortzea.

 

Zelakoa izan da esperientzia?

A.S.: Gustura, baina egun batzuetan gogorra egin zaigu. Auto barruan hainbeste ordu biok bakarrik...

E.B.: Goizeko 06:00etan irten, eta antolakuntzakoek ibilbidea azaltzen ziguten. Guztia ondo joanda 17:00etan amaitzen genuen.

 \"\"

Zelan konpondu zarete gainerako parte-hartzaileekin?

A.S.: Giroa oso ona izan da. Lantzean behin autoari bultzaka ibili izan gara, harrapatuta gerattuostean, eta gainerakoek lagundu izan digute, kasu batzuk kenduta.

E.B.: Azkarren nork egin baino, helmugaratzea zen helburua. Jendea kontzientziatuta doa.
 

Bukatu ostean, helburua bete duzue?

A.S.: Penagaz geratu naiz: material didaktikoan hogei kilo eroan  eta gehiagorako aukeraren penagaz. Pista batean ume bat agertu eta kamiseta bat ematen diozu, baina gehiago emango nioke.

E.B.: Zerbait gehiago egiteko gogoz geratu gara, bai. Ikusiko dugu aurrerantzean egin dezakegun.

 

Zerk harritu zaituzte gehien?

E.B.: Hangoak gutxigaz bizi direla. Ez daukate mugikorraren edo ordenagailuaren beharrik.

A.S.: Nik uste pozik edo behintzat konforme, bizi direla.

 

Eta paisajea?

E.B.: Duna bakoa, baina desertua. Gainera, desertuaren erdian beti topatzen duzu jendea, batez ere umeak.

 

Han ezin da autorik utzi. Bueltan ekarri duzue?

A.S.: Bai. Hasiera batean,  inork autorik ematen ez badigu, datorren urtean berriro auto horregaz joateko asmoa daukagu.

E.B.: Autoa ondo portatu da. Ezetz ematen du, baina oso gogorra da proba.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!