Iurretak estu hartu du Galdakao 'Berria' txapelketan

Anboto 2012ko ots. 13a, 11:52

Txapelketatik kanpora geratu arren, Iurretako pilotariek maila bikaina eskaini zuten Galdakao ahaltsuaren aurka.

Txapelketatik kanpora geratu arren, Iurretako pilotariek maila bikaina eskaini zuten Galdakao ahaltsuaren aurka.


Porrot guztiek ez dute zapore bera uzten eta Iurretak Galdakaoren kontra jasandakoa gozoa izan da, porrot bat gozoa izan daitekeen heinean. Kadete, gazte zein nagusien mailetan, guztietan, maila handian ibili ziren iurretarrak eta kadeteetan nagusitzea ere lortu zuten.


Galdakaon jokatu ziren Berria Pilota Txapelketako final zortzirenak eta Eneko Calleja eta Gorka Otadui izan ziren kadeteetako puntua batu zutenak (13-22). Biak ala biak sendo aritu ziren. Aurkariek gogor zigortu zuten Otadui atzean, baina zirenak eta ez zirenak eramatea lortu zuen partiduari eutsiz. Calleja fin ibili zen aurrean eta azkenean uste baino garaipen errazagoa lortu zuten.


Gazteetan Bereinkuak eta Elordik 22-17 galdu zuten Atutxa-Sainzen aurka. Partiduaren erdian aurretik jartzea ere lortu zuten (12-14). Kadeteetako lehia galduta eta gazte mailan atzetik joanda, galdakoztarrak ez ziren lasai egongo une horretan. Azkenean irabaztea lortu zuten eta nagusietako bikote biei geratu zitzaien kanporaketa alde batera edo bestera eramateko erantzukizuna.


Nagusietan gazteetako emaitza beragaz galdu zuen Iurretak (22-17). Aurtenetxe eta Bilbaok osatu zuten bikotea. Galdakaoren aldetik Elezkano II.ak partidu hori jokatu zuen eta ez gazteen mailakoa. 10-2 galtzen hasita, 10-9 hurreratzea lortu zuen Iurretak eta azken txanpara arte tanto biko alde murritzaren barruan ibili ziren bikote biak. Beraz, azken tantoa egin arte Galdakaok ezin izan zuen arnasa nasai hartu.


Hauxe izan da Iurretak txapelketa honetan parte hartzen zuen lehenengo aldia eta datorren urtean ere berriro jokatzea itxaroten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!