Lehenengo itzulia amaitzeko, liderren arteko derbia gaur

Anboto 2012ko urt. 21a, 08:04

Ezkurdik eta Iurretako Bk hirugarren erregionaleko lehenengo postua izango dute jokoan

Ezkurdik eta Iurretako Bk hirugarren erregionaleko lehenengo postua izango dute jokoan.

 

Hirugarren erregionalean asteburuan amaituko da lehenengo itzulia. Neguko txapelduna zer talde den Arripausuetan erabakiko da gaur, Ezkurdi eta Iurretako B, sailkapeneko liderra eta bigarrena, hurrenez hurren, derbian lehiatuko baitira, 18:00etatik aurrera.

 \"\"

Bolada ezinhobean dabiltza talde bata zein bestea; biek bosna garaipen daramatzate segidan. Gaur amaituko da bietako baten edo bien bolada hori.

 

Hirugarren erregionalean talde bati gertatu dakiokeen gauzarik txarrena denboraldi erdian igoeratik urrun egotea da. Jaitsierarik ez dagoenez, gaitza da motibazioari eustea. Horregatik, Iñigo Larrañagak Ezkurdiren gidaritza hartu zuenenan —hauxe du lehenego denboraldia—, argi zuen ez zetorrela denborapasa: “Lehiakorra naiz, eta hasieratik esan nien igoera izango genuela helburu. Azkeneko urteetan taula erdian ibili dira eta txipa aldatzeko ahaleginak egin ditut. Alderdi psikologikoa asko landu dut”. Ondorioak begibistakoak dira.

 

Gaurko derbirako baja garrantzitsuak dituzte. Joan zen astean Berriz Bren kontra jokatutako derbian, Asier Bilbao  zentrala eta Iñigo Bustintza erdilaria egotzi zizkien epaileak, eta ezingo dute asteburuan jokatu.

 

Iurretako, partidaren bila

Iurretako B sorpresa atsegina ematen ari da. Gazte mailako jokalari asko dituzte, eta Abadiño edo Extremeño taldetik etorritakoak ere badaude. Denbora gutxian talde sendoa eta konprometitua bihurtu dira, eta “ilusioz beteta gaude”, Karmelo Alonso entrenatzaileak aitortu duenez. Derbian partidaren bila irtengo dira: “Irabazi zein galdu, gu beti legez erasora irtengo gara, espekulatu barik”, dio.

 

Iurretako B aurten sortu den taldea da, baina Alonsok denbora gehiago darama  klubari lotuta. Iaz gazteen taldea zuzendu zuen eta igoeraren atarian geratu ziren. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!