Bertso eskolako hamar bertsolari, taldekako lehian

Anboto 2011ko abe. 16a, 08:49

Gaur, 21:30ean, Iurretako Dantzari plazan burutuko dute txapelketa

Gaur, 21:30ean, Iurretako Dantzari plazan burutuko dute txapelketa.

 

Iurretako Banderaren Mendeurreneko Batzordeak antolatuta, iurretarren arteko bertso txapelketa burutuko dute,  21:30ean hasita, gaur. Dantzari plazan izango da txapelketako saiorako hitzordua.

 

Eneko Abasolo “Abarkas”, Gorka Lazkano, Peru eta Txomin Magdalena, Ander Salaberria, Markel Onaindia, Ander Duñabeiti, Xabi Olaskoaga, Unai Agorria, eta Kristina Mardaras arituko dira bertsotan. Saioa hasi orduko osatuko dituzten talde bitan lehiatuko dira Iurretako bertso eskolan jardundako bertsolariok: talde banaren buru ipiniko dituzte Eneko Abasolo “Abarkas” eta Gorka Lazkano, eta parte hartuko duten beste zortzi bertsolariekin osatuko dituzte lehiatuko diren talde biak.

 

Jon Jaio, Asier Ibaibarriaga eta Izaskun Ellakuriagak jardungo dute txapelketako epaile lanetan, eta Justo Alberdi izango da idazkaria. Gai-jartzaile Asier Ibaibarriagak jardungo du; Ibaibarriagagaz batera, Jon Mariela, Gorka Ingunza eta Koldo Zaratek aritu dira gai-jartzaile taldean.

 

Iurretako Dantzari plazan ipiniko duten karpa batean atonduko dute saiorako eszenatokia, eta orain urte bi legez, bertatik jardungo dute bertsolariek.

 

Hamar urtean bakarkako txapelketa antolatu eta urte batzuetan herriko bertsolarien hitzordua burutu barik egon eta gero, taldekako txapelketa legez antolatu dute azken urteotan Iurretako bertso eskolan jardundakoen txapelketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!