Sarrionandiaren senitartekoek Euskadi saria jasoko dute gaur

Anboto 2011ko aza. 23a, 15:13

Gasteizko Europa jauregian gaur 19:00etan egingo duten ekitaldiara Sarrionandiaren senitartekoak joango dira saria jasotzera. Joseba Sarrionandiari Euskadi literatura sariaren dirua emango dio Jaurlaritzak 'Moroak gara behelaino artean?' (Pamiela, 2010) lanarengatik.

Eusko Jaurlaritzaren iturriek atzo jakinarazi zuten, Joseba Sarrionandiaren aurkako inolako auzirik ez dagoela azaltzen duen dokumentua bidali diola Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Jakitera eman zutenez, Sarrionandiaren ordezkariari euskarazko saiakeraren arloko Euskadi literatura sariari dagozkion 18.000 euroak emango dizkio gaur 19:00etan Gasteizko Europa Jauregian egingo duten ekitaldian.

Jaurlaritzako Kultura Sailak diru hori "atxikitzea" erabaki zuen urriaren hasieran "saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean". Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak gaur emandako prentsaurrekoan adierazi duenez "ondo" jokatu dute Sarrionandia idazlearen Euskadi sariaren kasuan. Senitartekoek aldiz, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute. "Hasieratik esan dugu legearekin ez duela zorrik eta hilabete eta erdi egon dira hori argitu barik", azaldu du Marije Sarrionandia Josebaren arrebak. Jon Artatxo familiaren abokatuak Jaurlaritzaren jarrera "arbitrarioa" izan dela salatu du, "ezelako oinarri juridikorik izan barik saria legez kanpo atxikitzeagatik". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!