Mali ezagutzeko gonbita luzatuko dute azaroan

Anboto 2011ko urr. 26a, 12:06

\'Munduko Paisaiak: Liburutegiak topaleku\' ekimenak Mali hartuko du hizpide, aurtengoan

‘Munduko Paisaiak: Liburutegiak topaleku’ ekimenak Mali hartuko du hizpide, aurtengoan.

 

Rumania eta Maroko izan ziren aurretik eta, aurten, Mali izango du hizpide Munduko Paisaiak: Liburutegiak topaleku ekimenak.Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak berriro aukeratu du Iurreta horretarako, beste bederatzi liburutegigaz batera.

 

Biblioteken Nazioarteko Egunagaz lotutako ekimenaren helburua “biblioteka bezalako zerbitzu publiko bat kulturanitza eta aldakorra den gizartearekiko egokitzen diharduela erakustea” da Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, eta bakoitzak herrian eragin duen kolektibo esanguratsu bat aukeratzen du: aurten Mali.
Egoitza Iurretan duen Fasoden (80tikgora bazkide ditu, Durangalde eta Bilbo inguruan bizi direnak) elkarteagaz batera, Mali Iurretara gerturatzeko, eta, iurretarrak Malira, egitarau zabala eratu dute: “Elkar ezagutu gaitezen, elkar ulertu, kultura eta ohiturak elkarbanatuz”.

 

Horretara azaroan 2an inauguratu eta 16ra bitartean zabalik egongo den erakusketa ez eze, bideoforuma eta haur eta helduentzako ipuin kontaketa saioak antolatu dituzte, azaroaren 3an eta 4an, hurrenez hurren. Dantza tailerra ere izango da 8 eta 9an, Fasodenen eskutik (izena ematea beharrezkoa da) eta azaroaren 10ean, emigrazioa ardatz izango duen antzezlana taularatuko dute. Jai herrikoia ospatuko dute 11n, eta, hilaren 15 eta 16an, Jon Arretxe idazleagaz Tubabu liburua komentatuko dute irakurle klubetan. Ekintza guztiak doan izango dira, Ibarretxe kultur etxean.

2009an sortu zen Fasoden, “gure kultura mantendu eta zabaltzeko” helburuagaz  eta Goiuria kulturgunean alkartzen dira hilero. Iurreta herriarengadik eta Udaletik jasotako laguntza eskertu du elkarteko ordezkari Souleymane Konatek. “Harro” eta “esker onez” hartu dute liburutegiaren “ohorezko gonbidatu” lez aukeratzea.

\"\"

Osatutako egitarauaren bitartez, “nortzuk garen, gure musika, artisautza... ezgautarazi gura dugu", dio Konatek. "Izan ere, elkar ikusten gara, baina, ez gara ezagutzen. Horretarako aukera ona dugu hau”, nabarmendu du. Parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak eta Udalagaz hartu-emana mantentzea espero dute. Izan ere, Maliko Etxea sortu gura lukete.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!