Behetik gora egin ohi du Iurretakoren errendimenduak, baina aurten sasoi betean ekin diote denboraldiari Vazquezen gizonek.
Iurretakok aurten hasiera-hasieratik egon gura du goiko postuen borrokan. Normalean, Jon Gurutz Vázquez entrenatzaileak berak onartzen duenez, “gure liga hasierak ez dira hain onak izaten, eta bigarren itzulian egoten gara errendimendu betean”. Aurten ez. Orain arte jokatutako hiru partidetatik bi irabazi dituzte, eta bestean berdindu egin dute. Ondorioz, Ugao liderragaz zazpi puntura berdinduta daude.
Hasiera on horrek taldean “ilusioa piztu” duela dio Vazquezek: “Ondo hastea beti da garrantzitsua, eta hori ikusita goiko postuen borrokan ibiliko garen esperantza dugu”.
Hiru jardunaldi bakarrik joan direnez, ilusiotik eta esperantzatik haratago joatea ez da zuhurra, baina “orain egindako lana eta batutako puntuak beti dira baliagarriak liga amaiera heltzen denean”.
Orain aste bi, garaipen handia lortu zuten iaz ohorezko mailatik jaitsi eta aurten igotzeko hautagai den Retuertoren kontra (1-0). Joan zen astean, aldiz, arerio ahulagoa den Trapagaranen zelaian bina berdintzea baino ez zuten lortu: “Gorenean maila oso parekatua dagoela erakusten du horrek”. Dena dela, iurretarrak ez daude oso konforme epaileak Trapagaranen egindako lanagaz: “Zalantzazko penalti bat adierazi zuen, eta beraien bigarren gola jokoz kanpoko garbia izan zen”.
Asteburuan Larramendi hartuko dute etxean, eta ez dago erlaxatzerik. Oraindik bide luzea dute egiteko.