Iurretan kadete eta gazte mailako finalak pilotan

Anboto 2011ko urt. 1a, 09:22

Durangaldeak ez du ordezkaririk izango; faborito ziren arren, Otadui eta Calleja iurretarrak finalaurrekoetan kanporatu dituzte

Durangaldeak ez du ordezkaririk izango; faborito ziren arren, Otadui eta Calleja iurretarrak finalaurrekoetan kanporatu dituzte.

 

Pablo Berasaluze Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte domekan, 16:00etatik aurrera. Kadete-gazte mailan, Zubikarai markinarrak eta Ibarrondo arrankudiagarrak osatutako bikoteak Ezkaraiko Dario eta Leioako Uriberen kontra jokatuko du.

 

Bikote biak sorpresa emanda heldu dira finalera. Zubikaraik eta Ibarrondok txapelketa irabazteko faborito ziren Iribarria ordiziarra eta Otadui iurretarra kanporatu zituzten finalaurrekoetan. Aurreko egunetan Amezketako txapelketako buruz buruzko finala irabazi zuen Iribarriak, eta nekea nabari zitzaion partida erditik aurrera. Dariok eta Uribek ere ezustean irabazi zuten, eta finaletik kanpora utzi zuten Calleja iurretarra.

 

Kadeteen mailan logikak gidatu du txapelketa. Espero zirenak heldu dira finalera; Bakaikoa eta Barriola zizurtarrek Amorebieta-Etxanoko Elorriaga eta Markinako Arrasate izango dituzte kontrario. Bigarrenek kolpe indartsuagoa daukate, eta eurak dira faborito; hala ere, kontuz Bakaikoagaz, sasoiko dago-eta.

 

Profesionaletako partida


Final bien ondoren, profesionaletako lau bizkaitarren arteko partida ikusi ahalko da: Pablo Berasaluze eta Ibai Zabalak Mikel Urrikoetxearen eta Alexis Apraizen kontra jokatuko dute.

 

Final bietarako eta profesionaletako partidetarako sarrera 20 euro da jesarrita, eta 10 euro zutunik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!