Mobilizazioak hasi dituzte beharginek Odi-Bakar enpresan

Anboto 2011ko eka. 23a, 08:59
Kontratu desegite espedienteagaz 15 langile kaleratu gura dituzte

Kontratu desegite espedienteagaz 15 langile kaleratu gura dituzte.

 

Kontratu desegite espedientearen bitartez 15 langile kaleratu gura dituztela-eta, mobilizazioei ekin diete beharginek Odi-Bakar enpresan. Enplegu-erregulazio espediente a atzera botatzea gura du Enpresa Komiteak (ELA 2, LAB 2 eta independiente bat) eta “adostutako kaleratze ez traumatikoak bideratzea”, ELAk dioenez. Odi-Bakarren 70 langile inguruk dihardute, eta aurretik enplegu-erregulazio espediente bi izan dituzte; bietan enplegu etenaldia izan dute.

 

Krisiaren eraginez, “egoera gainditzea” ez dela lortu esan die enpresak, ELAk adierazi duenez. Hala ere, 15 langile kaleratzeari “onartezina” deritzotela argitu du LABek. Horretarako arrazoirik ez dagoela diote: “Enpresari hainbat aukera jarri dizkiogu mahai gainean, eta ezezkoa izan da euren erantzuna”. Auto-karabanak eta kontzentrazioak deitu ditu enpresa komiteak arazoa sozializatzeko. Mugarik bako greba hastea ere adostu dute, akordiorik ezean.

 

Kaleratze guztiak adostuak izan daitezen negoziazio prozesua hasi gura du Enpresa Komiteak. Izan ere, langile batzuk prest daude horretarako. “Enplegu erregulazio espediente berri bat zabaldu eta egoeraren bilakaera zelakoa den ikusita negoziazio prozesu hori ere zabaldu daiteke”, dio ELAk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!