Txapelketak bi fase izango ditu. Ligaxka, lehenengo fasea, uztaila arte luzatuko da. Irailean jokatuko dira bigarren faseko partiduak.
Hirugarrenez, Pablo Berasaluzeren omenezko txapelketa antolatu du Iurretako Olaburu pilota eskolak. Astelehenean, hilaren 20an, hasiko dira partidak. Valen Calleja Olaburuko kideak aurreratu duenez, aurtengo nobedade nagusiak iraupenagaz izango du zerikusia. “Aurtengo txapelketa laburragoa izango da, baina kalitate handiago izango du”.
Kadete eta gazte mailako “Euskadi eta Errioxako pilotari onenetakoek” hartuko dute parte txapelketan; besteak beste, Sagastibeltza, Alduntzi eta Iribarrenek parte hartuko dute.
Astelehenean hasi eta uztailera arte iraungoo du ligaxkak. Hain zuzen ere, Bereinkua-Murga eta Aranguren-Garcia bikoteek emango diote hasiera txapelketari. Horien ondoren, Egiguren-Diez eta Dario- bikoteek jokatuko dute partida. Ligaxkako 16 pilotariek egingo dute aurrera txapelketan. Abuztuko atsedenaldiaren ondoren, irailean, bigarren faseko partidak jokatuko dituzte; lehenengo final-laurdenetakoak jokatuko dituze, eta gero finalerdien txanda izango da.
Txapelketako finala Iurretako jaietan ospatu ohi den profesionalen arteko partidaren egun berean jokatuko dutr. Asmoa profesionalen partidaren aurretik jokatzea da. Hain zuzen ere, Callejak partidu hori jokatuko dutenen izenak aurreratu zituen; “azken orduko aldaketarik” ez bada, Berasaluze VIII.ak, Alexis Apraizek, Ibai Zabalak eta Mikel Urrutiak jokatuko dute Sanmigeletako norgehiagoka.
Iurreta-Leitza desafioa
Bestalde, uztailaren 2an, Iurretako eta Leitzako pilota eskolen arteko “desafioa” jokatuko dutela aurreratu zuten prentsaurrekoan. Callejaren berbetan, “Iurretako pilota momentu gozoan” aurkitzen da, bai pilotari kopuruagatik bai horiek lortu dituzten emaitzengatik. Hori dela-eta, “interesgarria” deritzo kanpora irteteari.
Orain arte, Lizarra, Burlata eta Getaria lako herrietan lehiatu dira, eta jokalarien erantzuna “ona” izan ei da. Iurretako banderaren mendeurren ospakizunen baitan kokatu dute ekimena, eta uztailaren 2an, arratsaldeko 18:30ean izango da.