Agur beroa eta hunkigarria egin zioten Mari Tere Zugaza-Artazari herritarrek

Anboto 2011ko eka. 1a, 09:30

Kultura eta herrigintza uztartuz bizi guztian zehar egindako lana, eta, batez ere, bere esku-zabaltasuna eta laguntasuna omendu zuten joan zen zapatu arratsaldean Mari Tere Zugaza-Artazaren hileta zibilera batu zirenek

Kultura eta herrigintza uztartuz bizi guztian zehar egindako lana, eta, batez ere, bere esku-zabaltasuna eta laguntasuna omendu zuten joan zen zapatu arratsaldean Mari Tere Zugaza-Artazaren hileta zibilera batu zirenek.

Joan zen zapatu arratsaldean, maiatzaren 28an, Iurretako Aita San Migel plazan batu ziren ehunka lagun Mari Tere Zugaza-Artaza iurretarrari agur zibila egitera. Iurretan, Durangaldean,zein Bizkaian bizi guztian zehar  kultura eta herrigintza uztartzeko egindako lana, baina, batez ere, bere laguntasuna eta esku-zabaltasuna azpimarratu zuten Mari Tereren omenaldira batutakoek.\"\"

Dultzaina, pandero, txistu eta gitarra doinuek, lagun abeslarien ahotsek eta berbek, bertsoek eta olerkiek, euskal dantzek eta maitatu zuten lagun eta familiakoen oroitzapenek bete zuten Iurretako Aita San Migel plaza eguzkitsuaren isiltasuna.

Bizitzaren neurriko despedida egin zioten herriko kultur talde eta elkarteak bere ekarpenekin biziarazi zituen emakumeari; lagunek, ikasle izandakoek, jai batzordean beragaz eskuz esku lanean jardundakoek, sindikalgintzan eta politikagintzan kide izandakoek, eta herri-kultura zabaltzen bidelagun izandakoek inguratu zituzten haren etxekoak Mari Tereren agur benetako, herrikoi eta hurbilean.

Iurretan, herriarentzako
Herritik eta herriarentzako sorturiko kultura iraunarazi, bizi, mantendu eta gozatzeko Mari Tereren ekarpena ahots urratuz hartu zuten Ibarretxe kultur etxekoek ahotan. Joseba Sarrionandiaren olerki bat irakurri zuten; “nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak” dioena.

Iurretako Mikel Deuna kultur elkarteko kide legez, ideiak konpartitzen eta ekitaldiak antolatzen jardun du bizi guztian zehar legez azken urteetan ere Mari Tere Zugaza-Artazak. Besteak beste,  ekaineko Kalez Kale kale antzerki jaialdia edo udazkeneko Musikaldia bultzatzen jardun du auzolanean Mari Terek.  

Mari Tere Zugaza-Artazak herrigintzari eta kulturgintzari dagokionez bizitza guztian zehar praktikan ipinitako baloreak eta konpromisoa eredu hartu dituzte, besteak beste, maistra izan zutenek edo jai batzordean lagun izan zutenek zein bizitzan zehar beragaz topo egin zutenetako askok.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!