Rafa Zugaza-Artazak iurretarrak joan den irailean utzi zuen Iurretakoko lehendakaritza
Rafa Zugaza-Artazak iurretarrak joan den irailean utzi zuen Iurretakoko lehendakaritza.
Gaixotasun larri baten ondorioz, astelehenean hil zen Rafa Zugaza-Artaza, 58 urte zituela. Hainbat urtetan Iurretakoko lehendakaria izan zen Zugaza-Artaza, eta, horrez gainera, herrian oso ezaguna zen; joan den irailean Joxean Legorbururen esku utzi zuen kargua.
Zapatuan Artibairen aurka jokatuko duten partidua hasi baino lehenago, minutua egingo dute isilik; horrez gainera, Zugaza-Artazaren argazkia eta \"Gero arte!\" leloa izango duten kamisetak jantziko dituzte jokalariek.
Jon Gurutz Vázquez entrenatzailearen berbetan, taldeko kideek pena handiz hartu dute berria: \"Oraindik lotu gabe badugu ere, guretzat pena bat da Rafa igoera gozatu gabe geldituko dela jakitea\".
Hain zuzen ere, denboraldiko lehenengo partidua galdu zuen joan den asteburuan Vázquezek gidaturiko taldeak; Umore Ona taldearen aurka 1-2 galdu zuten iurretarrek. Zapatuan Artibai taldea hartuko du Iurretakok Larrako-zelain, 16:00etan hasita.