Jon Gurutz Vazquez taldeko entrenatzailearen berbetan, denboraldi \"oso ona\" egiten dabiltza bere mutilak, eta sailkapenak ere arrazoia ematen dio; partidu guztietan batu dituzte puntuak
Jon Gurutz Vazquez taldeko entrenatzailearen berbetan, denboraldi \"oso ona\" egiten dabiltza bere mutilak, eta sailkapenak ere arrazoia ematen dio; partidu guztietan batu dituzte puntuak.
Errekorreko zenbakiak lortzen dabil aurten Iurretako. 2010-2011 denboraldiko partidu guztietan poltsikoratu du punturen bat Jon Gurutz Vazquezek zuzenduriko taldeak; futbol maila guztiak aintzat hartuta, aurten hori lortu duen talde bizkaitar bakarra da Iurretako. Vazquez entrenatzailearen berbetan, bere mutilak egiten dabiltzan denboraldia \"oso ona\" da. \"Datuak hor daude; denboraldi osoan ez dugu partidu bakar bat galdu\".
Hogeita bost jardunaldiren ondoren, Iurretako sailkapeneko liderra da, 59 puntugaz; bigarren sailkatua Zaldua da, 49 puntugaz. Taldeaz gainera, jokalariak ere maila ona eskaintzen dabil. Aldi berean, gol gehien sartu eta gol gutxien jaso dituen taldea ere bada Iurretako. Atzean sendo dabiltza iurretarrak, eta horri esker Ipar Ircio gol gutxien jaso dituen atezaina da.
Aurrealdean, berriz, zorrotz dabiltza jokalariak. Mailako jokalari golegilenetariko bik Vazquezen gidaritzapean jokatzen dute: Adrian Abasolok 16 gol sartu ditu, Iñigo Uriak, berriz, 14 biderrez zulatu du aurkariaren atea
Nagusitasunez dabil defendatzen Iurretako lidergoa; 14 puntuko aldeagaz dago igoera postuetan sailkaturik. Vazquezen berbetan, \"ahalik eta arinen\" ziurtatu gura dute igoera.
\"Ahal izanez gero, Aste Santua baino lehenago igoera lortu gura dugu, baina oso gaitza izango da\". Haizea aldeko izan arren, bederatzi partidu dituzte aurretik Vazquezen mutilek helburua lortzeko. Bihar, Bilbon dute beste hitzordu bat, Ibarsusiren kontra, hain zuzen ere. Ibarsusi sailkapeneko azken taldea da. Vazquezen berbetan, bilbotarrak presiorik barik zelairatuko dira, maila mantentzeko jadanik \"oso gaitz\" dutelako.