Eusko Jaurlaritzak teknologia berriak eskuratzeko eskaintzen duen diru-laguntza baliatuta, liburu elektronikoak irakurtzeko hiru euskarri erosi dituzte Iurretako Herri Bibliotekan. Apirileko Liburuaren egunerako gura dute Liburutegiko kudeatzaileek aparatuak erabiltzaileen mailegurako aukeran ipintzea.
Ziortza Onaindia Bibliotekako kudeatzaileak eta Iñaki Totorikaguena alkateak egin dute euskarri berrien aurkezpena. Apirilean irakurleentzako aukeran ipiniko dituzten irakurgailu elektronikoetako (e-reader edo e-book) bakoitzean, \"euskal literaturako eta literatura espainiarreko mila klasiko\" eskainiko dituzte. Bibliotekak herritarren eskura ipintzen dituzten baliabidei (orotariko liburuak, ordenagailuak, aldizkari eta egunkariak...) \"beste aukera bat gehitzea\" da bilatu dutena.
Ukipen-pantaila daukaten aparatuak dira Bibliotekan eskuratu dituztenak; besteak beste, interneterako kable bako konexioa, azpimarratu eta oharrak idazteko aukera, irakurri bitartean audioa erreproduzitzekoa, etabar eskaintzen dute. Autonomia handiko bateria daukatela nabarmendu dute aurkezpenean: kargatu beharrik barik, 10.000 orrialde igarotzeko autonomia daukate.
Papera balitz lako efektua egiten duen pantailan bestalde, testuaren tamaina handitu eta txikitzeko baliabideak eskaintzen dituzte irakurgailu elektronikook: \"ikusmen arazoak dituen jendearentzat oso baliagarri izan daiteke aplikazio hau\", azpimarratu du Onaindiak.
Bibliotekako kudeatzaileek proban izango dituzte aparatuak apirilera arte, eta ordutik aurrera, aparatuaren erabilera arauak onartzen dituzten 18 urtetik gorako lagun guztiek hartu ahalko dituzte 15 egunetarako maileguan.
Obra klasikoak
Egile eskubideen arautegiak agintzen duenez, gutxienez orain 70 urte hildako autoreen obrak bakarrik zabaldu daitezke irakurgailu elektronikoon bitartez. Beraz, eta aurkezpenean azaldu dutenez, irakurleek ez dituzte berritasun literarioak topatuko euskarri hauetan: irakurgaien artean gutxienez orain 70 urte argitaratutako obrak izango dira aukeran.