Ulannah: herri musiken melodia eta doinuak sorkuntzarako oinarri

Anboto 2010ko abe. 11a, 09:00

Gaur, 18:00etan, Iurretako Musikaldia zikloaren egitarauan jasotako kontzertua eskainiko dute Ulannah taldeko Durangaldeko hamalau musikariek.

18:00etan, Iurretako Musikaldia zikloaren egitarauan jasotako kontzertua eskainiko dute Ulannah taldeko hamalau musikariek. Durangaldekoak dira talde honi soka- eta haize-instrumentuak, perkusioa, eta ahotsa jartzen dituzten musikari gehienak: familia batu eta anitza eraiki dute urte eta erdian. Durangaldean sortutako proiektua da folk musika, munduko hainbat herrialdetako erroetako musika egiten duen Ulannah hamalaukoarena. Orain urte eta erdi inguru (2009ko martxoan) bi lagun batzetik, pausoka-pausoka, hamalaukoa osatu arteko bidea egin du Ulannah taldeak, horrenbeste lagun eta beste hainbeste instrumentugaz. Lagunen lagunak taldera batzetik, lau-bost zirenak hamalau musikari dira orain, eta mongolieraz \"ilargi betea\" esan gura duen \'Ulannah\' izeneko taldean elkartuta dihardute: taldekide batek Mongoliara egindako bidaiatik ekarritakoa da izena, eta hango doinuak ere jo zituzten Ulannahn hasieran. Euskal Herriko eta Balkanetako herri musikak jotzen dituzte orain, baina, gehien: doinu horiek eskainiko dituzte bihar, Iurretako Ibarretxe kultur etxean. Entseguetarako leku finkorik barik, taldekide baten baserrian edo Durangoko udalaren Landakoko lokaletan batzen dira, gustuko dutena \"familia giroan\" egitera: euren berbetan jaso dugunez, astero \"musikagaz gozatzera\". Perkusioa, soka-instrumentuak, klarinetea, trikitixa, alboka eta txirula jotzen dituzte, eta hamabost eta berrogehi urte bitartekoak dira taldekideak. Musikagaz hartu-eman profesionala dutenak dira taldekideetako batzuk -musika irakasleak, gehienak-, eta musika zaletasun dutenak beste batzuk; guztiak dira musikan ibilbide oparoa osatutakoak. Hain zuzen ere, \"oso maila eta ibilbide ezberdineko jendea batzea talde berean\" da, taldekideek diotenez, Ulannah musika taldearen bereizgarria eta berezitasuna. Goi mailako musika ikasketak dituztenak zein musika zaletasun dutenak helburu beragaz batzen dira Ulannahn: lagun arteko giroan musika jotzeko asmoagaz. Profesionaltasunaren eta zaletasunaren arteko eremuan, hasierako \"freskotasun hori galdu gura barik, baina ahal den neurrian hobetuz\" jarduten dutela aitortu digute musikariek.

Areto, kale, taberna

Traña-Matienan, Ajangizen, Zizurkilen, Durangon eta Bermeon, kultur etxe eta aretoetan jo dute azken hileetan zuzenean Ula- nnah taldekoek, baina baita dendetan, tabernetan eta kalean ere. Bazkari baten ostean, instrumentuak bertan dituztela aprobetxatuta, tabernan lehenengo eta elizpean ondoren jo izan dute orain gutxi ere. Aurreikusi bako emanaldiak, erdi inprobisatuak, zein taberna girokoak, naturalak, dituzte Ulannahkoek gogoko. Iurretakoaren ostean, gabonetako kanta emanaldia eskainiko dute abenduaren 26an, Durangoko San Frantzisko elizan, eta Durangon baita, baina Plateruenean, eskaniko dute urte berriko lehenengo emanaldia. Herri musiken oinarrizko melodia eta doinuak interneten bilatu, eta taldean biolin-jotzaile den Nagorek egiten du moldaketa eta konponketa: instrumentuaren eta musikari bakoitzaren arabera, beren-beregi joaten dira gero partitura musikarien behar eta gustuetara egokitzen. \"Nagorek sortzen du kanta guztien oinarria\", diosku Onintze taldekideak, \"eta hori gutxi balitz, orain bere kantak sortzen ere hasi da\". Uda honetan Eskozian egin duen egonaldian azaldu digu Nagorek sortu zuela ukitu zeltiarra daukan Loch Voil izeneko kanta: \"Voil lakuari eta mendiei begira etorri zitzaidan inspirazioa\". Ulannahko gainerako hamahiru kideek ere oso gustuko dute azken kanta hori, eta Iurretako Kultur Etxeko biharko emanaldian eskainiko dutela aurreratu digute asteon. Hori eta taldearen energia eta giro ona islatzen duten beste hainbat kanta joko dituzte biharko zuzenekoan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!