Ikasturte berrirako Udal Bibliotekan prestatu duten egitarauaren berri eman, eta liburutegiak hamarkada bete duela jakinarazteko prentsaurrekoa eskaini dute Ziortza Onaindia bibliotekariak eta Iñaki Totorikaguena alkateak.
Ikasturte berrirako Udal Bibliotekan prestatu duten egitarauaren berri eman, eta liburutegiak hamarkada bete duela jakinarazteko prentsaurrekoa eskaini dute Ziortza Onaindia bibliotekariak eta Iñaki Totorikaguena alkateak. Hamarkada honetan Iurretako liburutegian dagoeneko egonkortu diren ekimenak dira urritik abendurako antolatu dituztenetariko asko, dagoeneko herritarren artean onarpena dutenak.
Hamar urteotako helburu berberagaz, \"iurretarrei biblioteka kontzeptu berria helaraztea; liburu biltegi bat ez, baizik gune bizi eta dinamiko\" bezala uler dezaten, Onaindiaren berbetan. Horretarako, adin tarte bakoitzari egokitutako ekimenak antolatuko dituzte 2010-2011 ikasturtean ere, erabiltzaileen fidelizazioa lortzeko.
Hamargarren ikasturtea abiatzeko, Totorikaguena alkateak agerraldian nabarmendu duenez, \"egoera ekonomikoak behartuta, aurrekontuaren %24ko murrizketara\" egokitu behar izan du Bibliotekak. Horrek, \"gauzak birplanteatu eta imajinazioa baliatuz zerbitzuak zelan mantendu\" pentsatzera bultzatu ditu kudeatzaileak. Eskura aurrekontu murritzagoa eduki arren, bisitari konpuruan zein maileguan utzitako materilen kopuruetan esaterako, hazkundea izan dute aurten.
2001eko urtarrilean \"hutsetik hasi\" zirenetik, 2010 urtean herritarren erdia (2.000 lagun) Bibliotekako bazkide edukitzera ailegatu da pausuz pausu Iurretako liburutegi publikoa. Bibliotekak eskaintzen dituen askotariko zerbitzuak ezagutu eta bazkide egin direnen kopurua %11 igo dela aurten azpimarratu du Ziortza Onaindia arduradunak. Bestetik, liburutegiak maileguan utzitako materialen kopuruak ere %32 egin dutela gora jakinarazi dute asteon egindako prentsaurrekoan.
Bibliotekara hurreratu diren erabiltzaile berrietako asko atzerritarrak direla kontuan hartuta, beraientzako harreran hobetzean zehaztu dute aurrerantzean Bibliotekan landu beharreko esparrua: sortzen dituzten materialak beste hizkuntza batzuetara itzultzea. Finean, herriko bibliotekan eurei zuzenduta antolatzen dituzten ekimenetara txikitan gerturatutako iurretarren bizitzako garai guztietan biblioteka gertuko eta erabilgarri izatea da jomuga.