Iurretako herrigunean zehar ibili da bizikleta gaineko irakurtaldien maratoia

Anboto 2010ko uzt. 6a, 10:35

Aurretik Otxandio eta Elorrioko kaleetan zehar ere ibili den literatura sustatzeko helburua duen bizikleta maratoia Iurretako herrigunean zehar ibili zen atzo. Gaur, uztailaren 7an, Zaldibarren izango da Bizi Letra, eta Durangon barikuan (uztailaren 8an).

Aurretik Otxandio eta Elorrioko kaleetan zehar ere ibili den literatura sustatzeko helburua duen bizikleta maratoia Iurretako herrigunean zehar ibili zen atzo. Atarte kultur programazio eta kudeaketa enpresak antolatuta, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 30 herritan uztailaren 12ra arte martxan izango den Bizi Letra ekimena da Iurretakoa. Iñaki Totorikaguena alkateak zabaldu zuen ekimena, eta bere ondoren udalbatza osatzen duten gainerako zinegotziak joan ziren bizikletara igotzen. Gidariak pedalei eman bitartean, hautatzen duten liburuaren irakurketa egin zuten parte hartzaileek. Dantzari auzoko plaza zuten ekimenean parte hartzen dihardutenek topaleku, eta bertan ipini zituzten mahaietan eskuragai ziren askotariko hizkuntza eta generoetako irakurgaiak. Besteak beste, Relato de un Naufrago, Iurretako aurtengo literatur lehiaketara aurkeztutako ipuinak, edo Sarrionandiaren idatziak irakurri zituzten goizean zehar, zinegotziek herriko elkarte eta ikastetxeen ordezkariek zein norbanakoek. Euren herriak maratoiaren saria eskuratu dezan laguntzeko hainbat herritarrek euren kolaborazioa eskaini zuten; sariak, 2.500 euroan eta 1.500 euroan baloratutako irakurzaletasuna sustatzeko programa bi izango baitira. Biztanle eta Bibliotekako bazkide kopuruaren arabera eman duten puntuazioari dagokionez, Basauri, Getxo edo Ermua baino puntu gehiagogaz abiatu da maratoian Iurreta: lau mila biztanlera ailegatzen ez den herrian ia 2.000 bazkide ditu bibliotekak. Gaur, uztailaren 7an, Zaldibarren izango da Bizi Letra, eta Durangon barikuan (uztailaren 8an).
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!