Euripean Marianne Vos garaile

Anboto 2010ko eka. 11a, 09:00

Marianne Vos gazteak irabazi zuen Emakumeen Birako lehenengo etapa, Iurretan hasi eta amaituta. Tropela batera iritsi zen helmugara eta munduko txapelduna izan zen indartsuena.

Marianne Vos gazteak irabazi zuen Emakumeen Birako lehenengo etapa, Iurretan hasi eta amaituta. Tropela batera iritsi zen helmugara eta munduko txapelduna izan zen indartsuena. Euriak eta haizeak ez zuen herbeherear gaztearen errendimenduan eragin eta gaur egun emakumeen txirrindularitzan onenen artean dagoela erakutsi zuen beste behin. Ondorioz, bera da Emakumeen Birako lehenengo liderra. Vos-en atzetik Giorgia Bronzini (Gauss RDZ Ormu) eta Elizabeth Armitstead (Cervelo Test Team) helmugarartu ziren. Lasterketa gogorra izan zen. Euriak erabat baldintzatu zuen txirrindularien jarduna eta bizpahiru eroriko ere egon ziren. Dena dela, Elorrioko San Agustingo harlauzatik ere ibili zirela kontuan hartuta, okerragoa izan zitekeen. Lasterketaren gogortasuna ederto islatu zuten txirrindularien aurpegiek helmugan; dena lokaztuta eta erabat nekatu trazagaz amaitu zuten lasterketa. Bizkaia-Durango taldeko Dorleta Zorrilla izan zen lehenengo euskalduna 43. postuan. Gaur Lekeition hasi eta amaituko da 112 kilometro dituen lasterketa. Lekoitz gaina -bigarren mailakoa- birritan pasatu beharko dute; oro har, ibilbide gorabeheratsua da, errekuperatzeko tarterik uzten ez duena. Zapatuan etapa bi izango dira. Goizeko sektorean Elorriotik Elgetarako ia sei kilometroko kronoigoera izango dute; orduan hasiko da argitzen Emakumeen Bira irabazteko benetako faboritoak nortzuk diren. Arratsaldean, Iurretan irten eta Murgian helmugaratuko dira. Azkenik, domekan azken urteetan ohi duten moduan, Urduña inguruan ibiliko dira txirrindulariak. Urduña gaina eta jaitsiera bihurgunetsua erabakiorrak izan daitezke. ETAPA ETA SAILKAPEN NAGUSIA (denak denbora berean) 1) Marianne Vos (Netherland Bloeit) 2) Giorgia Bronzini (Gauss RDZ Ormu) 3) Elizabeth Armitstead (Cervelo Test Team) 4) Alona Andruk (Safi Pasta Zara) 5) Kelly Druyts (Topsport Vlaanderen) Gure webgunean egunero egingo dugu Emakumeen Birako etapa guztien kronika.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!