Arndt, Hausler, Cromwell… batuko ditu aurtengo Birak. Aurten kronoigoera berreskuratu dute: Elorri eta Elgeta arteko sei kilometrokoa. Emakumeen Biraren XXIII. aldia aurkeztu dute asteon. Iaz azkenengo etapara arte borroka bizia mantendu zuten munduko txirrindulari onenek.
Arndt, Hausler, Cromwell… batuko ditu aurtengo Birak. Aurten kronoigoera berreskuratu dute: Elorri eta Elgeta arteko sei kilometrokoa.
Emakumeen Biraren XXIII. aldia aurkeztu dute asteon. Iaz azkenengo etapara arte borroka bizia mantendu zuten munduko txirrindulari onenek. Aurten ere lehia segurtatuta dago. Judith Arndt iazko irabazleak gogotik lan egin beharko du berriro Urduñan maillot horia jantzi gura badu. Izan ere, askoren ustez faborito den Claudia Hausler iazko bigarren postua hobetzeko asmoagaz etorriko da. Ezin ditugu ahaztu Nicole Cooke —iaz etapa bi irabazi zituen— Tiffamy Cromwell eta Emma Johansson ere. Hautagai asko eta sendoak ditu aurtengo aldiak.
Aurten 23 talde eta 138 txirrindulari ibiliko dira errepideean. Lau talde euskaldunak dira: Bizkaia-Durango, Lointek, Debabarrena Kirolgi eta Tolosa. Italia, Britainia Handia eta Alemaniako selekzioak ere etorriko dira, txirrindulari gazte eta gogotsuekin. Hong Kong eta Errusiako talde bana ere badator. Txirrindulari euskaldunei dagokionez, Eneritz Iturriagaetxebarria etortzekoa zen, baina oraintsu klabikula hautsi du eta errekuperazio prozesuan dabil. Hala ere, euskal ordezkaritza kalitatezko txirrindulariek osatuko dute: Mireia Epelde —Euskal Herriko txapelduna—, Leire Olaberria, Ane Santesteban eta Cristina Alcalde, besteak beste.
Kronoigoera berreskuratuz
Lau egunetan bost etapa korrituko dituzte; horietako bat ekainaren 12ko Elorriotik Elegetara arteko kronoigoera izango da.
Ekainaren 10eko lehenengo etapa Iurretan hasi eta amaituko da (88km). Elorrioko San Agustingo harlauzatik igaroko dira txirrindulariak eta Miotako gaina ere gainditu beharko dute. Lo hartuz gero sorpresak egon daitezke.
Bigarren etapa Lekeitio ingurutik ibiliko da (112 km). Lekoitz gaina birritan igaro beharko dute eta bero egiten badu etapa gogorra aurreikusten dute antolatzaileek.
Ekainaren 12an etapa bi izango dira. Goizean Elorriotik Elgetarako kronoigoera dute; zaleek oraindik gogoan izango dute sasoi batean Joane Somarribak eta Fabiana Luperinik emandako eraskutaldiak. Arratsaldean Iurreta eta Zuia arteko 79 kilometroak osatu beharko dituzte.
Azkenik ekainaren 13an, ohi legez, Urduñarako igoerak eta ondorengo jaitsierak argituko ditu duda guztiak.