Natalia Rodriguez munduko azpitxapelduna Hiri Frogan

Anboto 2010ko mar. 28a, 10:11

Gaur 30. aldia beteko duen Iurretako Hiri Froga izen handien topagune izango da beste behin. Segurutik, emakumeen lasterketak izango dugu erakarpenik handiena. Orain asteburu bi Qatarren 1.500 metrotan munduko azpitxapeldun -pista estalian- geratu zen Natalia Rodríguez Iurretako irteera puntuan egongo da.

Gaur 30. aldia beteko duen Iurretako Hiri Froga izen handien topagune izango da beste behin. Hiru hamarkadak ospatzeko ez dute ekitaldi berezirik antolatuko, \"kalitateko lasterketa bermatzea badelako nahikoa zeregin krisi sasoi honetan\", Juan Ignacio Hernández Bidezabaleko kide eta Hiri Frogaren antolatzaileetako batek azaldu duenez. Errepidera bideratu dituzte ahaleginak eta, urtero legez, parte-hartzaileen zerrenda goi mailako korrikalariekin osatu dute. Segurutik, emakumeen lasterketak izango dugu erakarpenik handiena. Orain asteburu bi Qatarren 1.500 metrotan munduko azpitxapeldun -pista estalian- geratu zen Natalia Rodríguez Iurretako irteera puntuan egongo da. Hernándezen esanetan, \"hauxe izango du harrezkero parte hartuko duen lehenengo lasterketa\". Bera da irabazteko faborito nagusi, baina lehiakide gogorrak izango ditu parean. Esaterako, Iris Fuentes Pila iazko txapela berrizten saiatuko da; Marta Tigabea etiopiarraren jarduna ere hurretik segitzekoa izango da. Gizonetan, Alberto Garciaren partaidetza azpimarratu daiteke, aurten Espainiako Kroseko Txapelketako azpitxapeldun geratu delako. Ibilbidea iazko bera da, eta bost kilometro izango ditu; ia kilometro bateko zirkuituari bost itzuli eman beharko dizkiote. Gizonen lasterketa 12:45ean hasiko da, eta emakumeena 13:10ean. Urtero legez, 10:00etatik 11:50era gaztetxoen mailako lasterketak korrituko dituzte. 12:00etan beteranoena eta herri-lasterketa izango dira. Guztira, gaztetxo eta senior, 500 bat korrikalarik parte hartuko dute etziko Hiri Frogan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!