Urriaren 26tik azaroaren 6ra arte, hiru artista errumaniarren argazkigintza, eskulturgintza eta zeramika lanak erakusketan bilduta izango dira Iurretako Ibarretxe kultur etxean. Herrian atzerritar gehienen jatorrizko kulturara, liburuen, musikaren eta zinemaren bitartez gerturatzeko aukera ere izango da datozen egunetan Iurretan.
Iñaki Totorika alkateak aurkezpenean esan duenez, liburutegia lako zerbitzu publikoak “gizarte gero eta multikulturalagora moldatu beharrari erantzuteko” martxan ipinitako ekimena da EAEko 11 liburutegi hautatutan aurrera eramaten duten Munduko Paisaiak-en barnekoa. Iurretan ere gero eta agerikoagoa den “hizkuntza, kultura eta ohitura aniztasunarekiko tolerantzia bultzatzeko” modu legez aurkeztu dute urri eta azarokoa.
Errumaniarrez, gazteleraz eta euskaraz argitaratutako literatura eta musikaren gida eta bilduma prestatu dituzte Herri Bibliotekan, herrian bizi diren jatorri guztietako biztanleentzako. Gure herrietako aniztasunaren aberastasuna haurrei ere helarazteko, ipuin kontalariaren emanaldia ere izango dira Iurretan: Historias de Rumania saioa urriaren 30ean izango da Amaia Arriaranen eskutik.
Bestalde, etorkin errumaniarren bizipenak biltzen dituen Carlos Iglesiasen 1 euro, 3,5 lei dokumentalaren emanaldia eta ondorengo solasaldia antolatu dituzte urriaren 29an, 18:30etarako.
Errumaniako kulturaren erakusleiho ahalik eta zabalena izateko, herrialde hartako erlijio aniztasunari buruzko hitzaldia, eta jardunaldia bukatzeko gastronomia dastaketa eta musika emanaldia izango dira.