Bidezabal atletismo klubak antolatuta, Iurretako Hiri Frogak XXIX. aldia beteko du etzi, eta, urtero legez, goi mailako izenak batuko ditu. Gizonetan, Reyes Estébez, Alberto Garcia eta José Redolat etorriko dira, besteak beste. Emakumeetan, parte-hartzea baieztatu dute Marta Domínguez, Zulema Fuentes, Cristina Petite eta Isabel Macíasek.
10:00etatik 11:50era, adin tarteka banatutako lasterketak korrituko dira. 12:00etan beteranoena hasiko da, eta segituan emakumeen eta gizonen herri-lasterketa. 12:45ean eta 13:10ean ekingo diote lehiari federatuek; gizonek lehenengo, emakumeek ondoren. Bost kilometroko ibilbidea osatuko dute.
Ibilbidea
Federatuek bost itzuli emango dizkiote zirkuituari (980 metro). Askondo kalean dago irteera puntua. Maspe kalean joan-etorria egin, berdin Montoiatik Durangorantz beste ehun bat metroan, eta herrigunera sartuko dira. Zubiaurretik sartu, Bixente Kapanagatik irten eta Askondon amaituko dute zirkuitua.
Lasterketan parte hartu nahi duenak www.bidezabal.com weborrian eman dezake izena.
Bihar, gainea, Hiri Frogaren harira hitzaldi interesgarria dago Ibarretxe kultur etxean. Marta Domínguez, Cristina Petite, Isabel Macías eta Iraia Garciak emakumeen atletismoa izango dute hizpide. Hitzaldia 19:00etan hasiko da.