Mikel Deuna kultur elkarteak antolatu eta Iurretako Udalak babesten duen Musikaldia jaialdiaren barruko urriko azkeneko bi barikuetarako eta azaroko lehenengorako dakartzan kontzertuak aurkeztu dituzte kultur etxean asteon.
Gehienetan urrun izaten duten herritarrei musika klasikoa gerturatzeko helburuarekin atondu dute, beste urte batez, Musikaldia Iurretan, eta iazko edizioan Mozarten doinuetan oinarritutako kontzertu didaktikoa ekarri zuen Impromptu taldeak gaur bertan, urriaren 24an, abiatuko du 2008ko Musikaldia.
Gaurkoan, Antonin Dvorak musikari txekiarraren sorkuntza ardatz hartzen duen kontzertua eskainiko dute, bibolinaren, pianoaren eta zenbait ikus-entzunezkoren bitartez.
Musikaldiaren hurrengo bi zitetan, Stabat Mater konposizioaren Concerto Grosso Op. nº2 eskainiko dute Garbiñe Abendaño sopranoak, Basilio Astulez altuak, La Kantoria emakume abesbatzak eta Leioako Orkestra Gazteak, Margarita Lorenzo Reizabalen zuzendaritzapean. Urriaren 31n, Aita San Migel parrokian izango da hitzordua, 20:00etan.
Azaroaren 7an, arpa kontzertua eskaintzera etorriko da Taide Quintana, Igone Gordobil eta Irune Retuertok osatutako hirukotea, Aita San Migel parrokian, 19:00etan, izango da Txertok hirukotearen emanaldia.