
Argazkigintza artistikoan dihardu orain 20 urtetik, eta tailerrak ere ematen ditu bizi den lekuan. Abentura bestearekin, orain bi urteko udazkenean eta neguan egindako argazkien seriea da; autoreak dioskunez, lantzeko irrikaz zegoen erretratuari heldu zionean egindakoak.
Bestearen edo hurkoaren irudikapenaren bitartez norbere barnerako bidaia da proposatzen duena. Arrazoi bat edo bestearengatik autoreak ezagun dituen pertsonen erretratuak dira, bestearen inguruan egiten dugun irudiaren erakusle ere badirenak. “Psiko-argazkiak” hitzarekin izendatzen ditu argazkilariak bere lanok.
Bere ideiak bideratu eta irudien bitartez adieraztea duela eguneroko lan azaldu digu, eta horrexetan dihardu berarekin egindako hitzorduan azaldu dizkigun egitasmootan: Cuerpos izeneko sailean, irudiaren eta edertasunaren gaur egungo gurtza kritikatzen du argazkien bitartez. Paisaje herido izenekoan, berriz, normalean zuri-beltzean egin izan dituen paisaien argazkiak koloretan egiten dihardu, gizakiok eragindako zauriek naturan uzten dituzten markak agerian utzi nahian.
Erretratuei dagokienean, beste bi serietan dihardu Simoesek lanean: Nafarroan A primera vista izeneko ekimenean lanean dihardu, “erretratu ibiltariak” deitzen duen arloan: kalean topatzen duen jendeari argazkiak egiten. Bizileku duen lurraldean, Granadako Alpujarretako herritxo batean ere badihardu argazkilariak bere adierazpena gauzatzen: eskualde horretako herririk txiki eta txiroeneko biztanle guztiei argazkiak egitea da proiektu hori, eta Silencio y olvido izena du. Ia mila metroko altueran dagoen herrixkan dokumentazio lana egiten dihardu, beraz, argazkilariak.
Liburu bat izango du lan honek azken fruitu, amaitutakoan. Bitartean, Iurretako Ibarretxe kultur etxean, irailaren 15ra bitartean, ikusgai daude Abentura bestearekin izeneko erakusketan bildutako Leo Simoesen zuri-beltzeko erretratuak.