
Jaialdiaren data aurreratzea erabaki dute, hasteko, eta kaleko ikuskizunak ekainaren 5etik 8ra izango dira ondorioz; eguna luzeago eta giroa aproposagoa izango delakoan.
Kaleko ikuskizunei, gainera, apirilaren 18an eta maiatzaren 16an Ibarretxe kultur etxean eskainiko dituzten euskarazko antzerkiak gehitu dizkiete, Mikel Deuna kultur elkarteko Mari Tere Zugazartazak azaldu duenez, maiatza euskararekin lotutako hilabetea izaten delako Euskal Herrian –Herri Urrats eta Ibilaldiarekin, kasurako–, eta hori Iurretan ere “igartzea” nahi dutelako. Apirilaren 18an, Loli Astoreka eta Iñake Irastortzak Ezker Eskuma antzezlana eskainiko dute, 19:00etatik aurrera, eta maiatzaren 16an, 19:00etan hasita hau ere, Larru Haizetara lana izango da ikusgai. Kultur Etxean bertan egin duten Kalez Kale jaialdiaren aurkezpenean izan da Astoreka, eta azaldu duenez Iurretara dakartena “elkarren beharra duten eta bizilagunak diren emakume biren egunerokotasuneko istorioa” da.
Ekainaren 5etik 8ra bitartean, dantza eta antzerkia uztartzen dituen Stress, Lolo encargo 215 txoxongilo ikuskizuna, perkusioa, akrobaziak eta antzerkia izango dira doan Iurretan, Totorikaguena alkatearen berbetan “apustu handia” den kulturaren Iurretako jaialdian. I.E.