Iurretako herri lasterketa igandean ospatuko da

Anboto 2008ko api. 3a, 11:55

Datorren igandean ospatuko da Iurretako XXVIII. Herri Krosa. Aurten ere partehartze handia espero dute antolatzaileek eta beste urteetan bezala Iurretako kaleetan barna proba egiteko kaleak ebakiko dituztela ere aurreratu dute.

Igandean egingo da Iurretako XVIII herri lasterketa eta goizeko hamarretan hasiko da. Benjaminen kategoriako neskak izango dira lehenak eta 900 metroko ibilbidea egin beharko dute. Ondoren benjamin kategoriako mutilen txanda izango da. Hauek ibilbide luzexeagoa izango dute egiteko, hots, 1120 metrokoa. Goizeko 10:20an alebinen kategoriako neskak irtengo dira 1120 metro egitera eta handik hamabost minutura mutilek egingo dute korrika. Hauek 2070 metro egingo dituzte. Infantilen kategoriako neskak hamaikak hamar gutxiagotan irtengo dira eta 2070 metro egingo dituzte. Mutilek ostera, 3500 metroko ibilbidea izango dute. Kadeteek eta beteranoek batera egingo dute korrika. Neskek 3500 metro egingo dituzte eta 4080 metro mutilek. Jubenil eta junior mailako mutilak goizeko 12:10etan aterako dira eta 5560 metro egingo dituzte. Azkenik, nesken proba handia eguerdiko 12:30etan izango da eta bost kilometro egin beharko dituzte korrika.
Gizonak izango dira hurrengoak. Eguerdiko ordubatean aterako dira eta hamar kilometro egingo dituzte. Proba honetarako partehartzea luxuzkoa izango da. Inguruko atletez gain, sona handiagoko korrikalariak etorriko dira Iurretako kaleetara. Esate baterako, El Miloudi marokoarra izango da adibidez korrikalarietako bat. Gizonezkoen proban, Bidezabal taldeko korrikalariak, UPVkoak, C.A.Bikilakoak, Keniakoak, Goierrikoak eta Real Sociedadekoak egongo dira besteak beste. Gizonezko beteranoen zerrendan Barakaldoko atletismo taldeko kirolariak izango dira nagusi, bertako bost korrikalari, Goierri taldeko beste bat eta Torremolinosko bat arituko baitira lehian.
Emakumezkoen artean berriz, Bidezabal, Santutxu, Bartzelona, Ingalaterra eta Valentziatik datozkigun korrikalariak arituko dira nor baino nor gehiago.
Guztira hiru irteera jarriko dituzte eta kategoriaren arabera irteera batetik edo bestetik aterako dira korrikalariak. Inskripzio epea joan den astelehenean hasi zen eta gaur bertan bukatuko da. Antolatzaileek jende andana espero dute eta partehartzea aurreko urteetan bezala, handia izatea itxaroten dute. Iurretako kaleak ikuslez betetzea ere espero dute eta zaletu oro dago gonbidatua.
Kale nagusiak itxita
Proba Iurretako kale nagusietan barna izango da eta arestian aipatu bezala, kale horiek itxita egongo dira igande goiz osoan. Bixente Kapanaga eta Olalde kalean alde bietan aparkatutako kotxeak igande goizeko zazpiretarako kenduta egon beharko dira bestela gruak eramango baititu. Gainera, goizeko zortzietatan hasi eta lasterketa amaitu arte Bixente Kapanaga, Maspe, Zubiaurre, Dantzari eta Uralde kaleak trafikoarentzako itxita egongo dira. Hauetaz gain, Bixente Kapanagara doan lurazpiko bidea ere itxi egingo dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!