Iurretako dantza doinuak jasotzen dituen disko bikoitza

Anboto 2007ko aza. 29a, 16:42

Iurretako Dantzak izenagaz kaleratu dute herriko dantzariek, urteetan eta belaunez belaun egin duten lanaren azkenengo emoitza. Emoitza bikoitza da, disko doblea izango dutelako Durangoko Azokan herritarrek eskuragarri

Iurretako Dantzak izenagaz kaleratu dute herriko dantzariek, urteetan eta belaunez belaun egin duten lanaren azkenengo emoitza. Emoitza bikoitza da, disko doblea izango dutelako Durangoko Azokan herritarrek eskuragarri. San Migel jaietan, zuzenean egindako grabazioa da euskarri digitalean jaso dutena, herriko jaietako plazako “aje, bero, arnasestu eta erritmoa” ere badaukana. Zuzeneko grabazioa eginda, Berrizko Lorentzo Records estudioan moldaletak egin, eta, azkenean, kalean da diskoa.

Urteetako guraria izan dute herriko dantzariek antzinatik eratorritako doinuak gordetzea, eta lortu dute “herriarendako oso inportantea izango den dokumentua osatzea”. Bi diskotan, plazako doinuak, baina baita argazkiak ere sartu dituzte. Herritarrek herritarrendako egindako lana da Iurretako dantzak, eta horren erakusgarri, diskoaren diseinua ere Eñaut Aiartzaguena gazte iurretarrak egin duela.

Tanbolitterue
40 urtean plazan, eta dantzarako prest dagoen jendea topatu du plazan Karmelo Barruetabeña txistulariak. Aurkezpenean ere esan du, “aurrera egiteko gogotsu” dagoen jende horri eskerrak jarraitzen duela, txistua joz, iurretarren hankak dantzarazten. Udaletxeko aurkezpenean, berari utzi diote lehenengo diskoa zabaltzeko ohorea. Izan ere, hemendik aurrera, diskoan entzungai dagozen doinuak berak joak dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!