Oraina eta etorkizuna lotuko ditu Hiri Frogak

Anboto 2007ko mar. 30a, 14:52

Nazioarteko hainbat txapelketa prestigiotsuren erdian burua erakutsiz, aurten ere, eta XXVII. aldia du, Iurretako Hiri Frogak Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko korrikalari garrantzitsuak batuko ditu domekan. Baliabide ekonomikoek ahalbidetzen duten neurrian, esperientzia eta gaztetatsuna, oraina eta geroa batzen saiatu da Bidezabal atletismo taldea, azken urteetako bideari jarraituz.

Nazioarteko hainbat txapelketa prestigiotsuren erdian burua erakutsiz, aurten ere, eta XXVII. aldia du, Iurretako Hiri Frogak Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko korrikalari garrantzitsuak batuko ditu domekan. Baliabide ekonomikoek ahalbidetzen duten neurrian, esperientzia eta gaztetatsuna, oraina eta geroa batzen saiatu da Bidezabal atletismo taldea, azken urteetako bideari jarraituz.

Gizonezkoetan Wilson Chebet keniarra, Alemayehu Bezabeth etiopiarra eta Eliseo Martin dira faborito nagusiak. Chebet 22 urteko gazteak maratoi erdian 1:01:39ko denbora lortu du, orain aste bi. “Harrezkero, sasoi puntua mantendu badu, bera da faboritoen artean faborito”, Juan San Pedro lasterketaren zuzendari teknikoaren hitzetan. Bezabeth ere oso gaztea da (21 urte) eta “sprint beldurgarria du”. Azkenik, Martin Espainiako 3.000 metro oztopeteako txapeldunorde izana da, besteak beste. Hicham Chatt beteranoa eta Bouazza El Mastati sorpresa ematen saiatuko dira.

Emakumeetan Zulema Fuentes eta Kristina Petite izango dira hurbiletik jarraitu beharreko izenak. Abadiñarrak badaki iurretako frogan irabaztea zer den (2003an). Gainera, apurka sasoi punturik onena berreskuratzen ari da, azken urte bietan lasterketetatik aparte izan ondoren. Fuentesek iazko bigarren postua hobetu eta podiumeko gorengo koskara igotzea izango du helburu. Laster 30 urte beteko ditu eta bere ibilbide oparoko unerik arrakastatsuenean dago. Goteborgeko Europako Txapelketan, finalera iritsi zen 3.000 metro oztopetan, eta Espainiako marka hautsi zuen.

Zazpi kategoria

Lasterketak zazpi kategoria izango ditu: benjamin, kimu, haur, kadete, beterano, gazte eta nagusiak. Emakumezko benjaminak 10:00etan abiatuko dira. Ordutik aurrera, maila batekoek amaitu ahala, hurrengoak hasiko dira. Horrela, emakumezko seniorrek 12:35ean ekingo diote lanari (Bixente Kapanaga kaletik), eta gizonezko seniorrek 13:00etan (gasolindegi paretik).

Zirkuitua Iurretako kaleetan zeharrekoa da. Bixente Kapanaga eta Maspe kaleetan joan-etorrian ibiliko dira, bidea Fray Juan de Zumarraga kalea hasten den bidegurutzeraino luzatuz. Emakumezkoek 5.000 metro korrituko dituzte, hiru itzulitan, eta, gizonezkoek 10.000, sei itzulitan.

Bestalde, aurtengo aldiak berrikuntza tekniko bat du. Nagusien lasterketako ibilbideak homologatu egin dituzte. Horretarako, Espainiako Federazioko epaileek zirkutitua neurtu zuten. Hemendik aurrera, ibilbideko lasterketen zirkuituan, Iurretako Hiri Froga ere kontuan hartuko dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!